Politika -

Oiseko baso batean

ETAri egotzitako armategi bat aurkitu dute Frantzian

Armategi ''garrantzitsua'' eta ''estrategikoa'' da, eta negoziatzeko erabili nahiko lituzkete armak. ''ETA disolbatuko balitz, espetxe politika berraztertuko litzateke'', esan du Fernández Díazek.

Artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Poliziaren ustez ETAk desarmea irudikatu nahi zuen negoziazioa hasteko

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak eta Frantziako Barne-Segurtasun Zuzendaritzak ETArena izan litekeen armategi bat aurkitu dute Frantzia iparraldean (Paristik 100 kilometro ingurura). Dirudienez, armategia ez zegoen indarrean, eta armak bidoien barruan zeuden lurperatuta.

Terrorismoaren kontrako iturrien arabera, armategiak dozenaka arma ditu, baina oraindik ez dute erabat argitu zenbat diren. Frantziako hedabideek zabaldu dutenez, ehun bat arma aurkitu dituzte lau bidoietan gordeta. Armak egoera onean daude eta, ikertzaileen hitzetan, armategi ''garrantzitsua'' da.

Espainiako Barne Ministerioren hitzetan, armategi ''estrategikoa'' da.

Zehazki, Oiseko departamentuko baso batean atzeman dute materiala, Pikardia eskualdean. Ikertzen ari dira bertan aurkitutako armak Sidam enpresan orain 10 urte egindako lapurretakoak ote diren, iturri horiek zehaztu dutenez. Urte hauetan Poliziak ETAren hainbat zulotan atzeman ditu lapurreta horretako armak, baina oraindik 350 bat zeuden galduta.

Gaurkoa aurkikuntza oso garrantzitsua dela azpimarratu dute iturri horiek, 2015eko maiatzean 28an Biarritzen beste zenbait arma atzeman ostean. Orduan, 19 errebolber, zazpi pistola, mila kartutxo baino gehiago, 3,2 kilo pentrita eta etxean egindako tenporizadoreak aurkitu zituzten.

Ikerketaren arabera, badirudi estatu espainiarreko eta frantseseko gobernuekin negoziatzeko erabili nahi zituzten armak.

Sortuk uste du ETAren armagabetzea oztopatzen duela

Sortuk uste du asteazken honetan Frantzian egindako operazioak agerian uzten duela "bi estatuek ez dutela ETAren armagabetze ordenatu bat egiteko borondaterik".  Ohar batean adierazi dutenez, operazio honekin "oztopo berria" jarri diote armak erabilpenetik kanpo uzteko ETAk adierazitako borondateari.

Sorturen hitzetan, operazioak agerian uzten du "garaileen eta garaituen" kontaketa sortzeko "obsesioa", eta horrek nabarmentzen du Mariano Rajoy jarduneko presidentea "ez dela Santo" Kolonbiako presidentea.

"Euskal gizarteak erantzukizuna duten alde guztiei eskatzen die ETAren desarmea egiteko eskema adostea", dio Sortuk.

Fernández Díaz: 'ETA disolbatuko balitz, espetxe politika berraztertuko litzateke'

Jorge Fernandez Díaz jarduneko Barne ministroak asteazken honetan esan du "ETA erabat garaitua" dagoela eta, gaur aurkitutako armategiaren ostean, jada disolbatzea dela aukera bakarra. "Disolbatuko balitz agerikoa da, modu orokor batean, espetxe politika berraztertuko litzatekeela", esan du elkarrizketa batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Frantzia argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Frantziako Gobernua