Politika -

Europako Parlamentua

Basque Friendshipek pausoak eskatu ditu gatazka konpontzeko

Prozesua babesteko Euro-ganberako taldeak Europako erakundeen ''jarrera aktiboa'' aldarrikatu du.

Agenztiak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basque Friendship eurodiputatuen taldeak Espainiako Gobernuari eskatu dio ''gatazka konpontzeko'' negoziazioak abiatzea aztertzea.

Bruselako egoitzan asteazken honetan egindako prentsaurrekoan, taldeak gogora ekarri du 2006ko urriaren 23an Europako Parlamentuak onartutako erresoluzioa, eta adierazi du ebazpen hark ''Euskal Herrian zabaldutako bake prozesuari babes osoa'' adierazten ziola, ''konponbidean inplikatutako aktoreei babesa adieraztearekin batera''.

10. urteurren hori oinarri hartuta, Basque Friendshipek azpimarratu du erresoluzioa indarrean dela, eta eskatu die Europako erakundeei ''orain hamar urte onartutako ebazpena inplementatu'' dezatela.

Horrekin batera, Estatuko alderdiei dei egiten die euskal gatazkaren konponbidea Espainiako Gobernu berriaren ''agenda politikoan'' txerta dezaten.

Lidia Senra europar diputatuak (Alternativa galega de esquerda en Europa, Europako Ezker Unitarioa - Ezker Berde Nordikoa (GUE/NGL) nabarmendu du ''Euskal Herriko gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia'', orain bost urte 2011ko urriaren 17an izan zena, ''mugarri'' izan zela gatazkaren konponbidearen bidean.

''Aitzitik, Aieteko bide orriaren lehen puntua bete zen, ETAk bere ekintza armatuei amaiera ematen ziela iragarri zuenean; aldiz, bigarren puntua - gatazkaren ondorioen gaineko elkarrizketak zabaltzeari zegokiona - espainiar eta frantziar estatuek baztertu izan dute'', adierazi du.

Martina Anderson europar diputatu irlandarrak (Sinn Féin, Europako Ezker Unitarioa - Ezker Berde Nordikoa (GUE/NGL) azpimarratu du ''euskal gatazka antzeko ezaugarriekin Europako Batasun barruan dirauen azkena dela, eta Europako erakundeek prozesua babesteko ahalmena eta betebeharra dutela''.

Bestalde, Mark Demesmaeker Flandriako europar diputatuak (N-VA, Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak) adierazi du ''inoiz ez dela berandu''. ''Uste dugu gatazkaren konponbideari ekarpen positiboak egiteko aukera badagoela, eta oraindik konpondu gabeko garrantzizko kontuei soluzioa bilatzeko, desarmea, presoak eta biktimak, kasu''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gaurko azken ordukoa