Politika -
SOZIOMETROA
Espainiako politika goitik behera aldatu behar dela diote herritarrek
Soziometroaren arabera, lana eta lanarekin lotutakoak dira herritarren kezka nagusiak, alde handiz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko herritarren % 75ek uste dute Espainiako politika goitik behera aldatu beharko litzakeela. Euskal politikak ere halako aldaketa bat behar duela uste dutenak, berriz, % 33 dira. Eusko Jaurlaritzak egin berri duen Soziometroak utzitako ondorioetako bat da. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 2.576 herritar galdekatu zituzten irailaren 1etik 8ra.
Egoera politikoaz duten iritzia galdetuta, hamarretik 7,5ek erantzun dute Espainiako politikak erabateko aldaketa behar duela. Hamarretik bi herritarrek, berriz, ez dute beharrezkoa ikusten aldaketa.
Euskal politikagintzari dagokionez, iritzi hobeagoa dute herritarrek, inkestaren arabera. Ia erdiek, % 46k, euskal politikak aldaketa beharko lukeela iritzi diote, baina ez erabatekoa. % 13k, aldiz, euskal politikak ez duela aldaketarik behar uste dute.
Alderdi politikoak eta buruzagiak
Aurreko galdeketek utzitako datuekin alderatuta, alderdi politikoei buruz herritarrek duten iritziak hobera egin du, Ciudadanosen kasuan izan ezik. Soziometroaren arabera, EAJ da nota onena atera duen alderdia, baina halere, ez du azterketa gainditu: 10etik 4,8 puntu eman dizkiote herritarrek.
Buruzagien artean, Iñigo Urkullu (EAJ) da azterketa gainditu duen bakarra, 5,1 punturekin. Pili Zabalak (Ahal Dugu) 4,2 puntu atera ditu, Arnaldo Otegik (Sortu) eta Idoia Mendiak (PSE-EE) 3,7, Nicolas de Miguelek (C’s) 2,2 eta Alfonso Alonsok 1,9.
Independentzia
Euskal Herriaren independentziari buruz ere galdetu zaie herritarrei, eta independentziaren kontrakoen kopuruak behera egin du, azken Soziometroarekin alderatuta. Herritarren % 31 daude independentziaren kontra.
Alde daudenak, berriz, % 22 dira, eta % 30ek erantzun dutenez, momentuko baldintzen arabera alde edo kontra egongo lirateke.
Ekonomia
EAEko ekonomiaren egoera ona edo oso ona dela uste dute hamarretik 5,2 herritarrek, eta txarra edo oso txarra dela 4,5ek. 2008tik lehen aldiz gehiago dira egoera ekonomikoa ona dela uste dutenak.
Bestelakoa da Espainiako egoera ekonomikoaz duten iritzia. % 85ek Espainiako egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra dela esan dute. % 10ek bakarrik uste dute ona dela.
Kezkak
Soziometroaren arabera, lana eta lanarekin lotutakoak dira herritarren kezka nagusiak, alde handiz. % 75ek aipatu du enplegua bere kezka nagusien artean.
Indarkeria, presoak edota bake prozesua, berriz, kezken zerrendan oso atzean geratu dira. Herritarren % 1ek bakarrik aipatu ditu gai horiek kezka nagusi bezala.