Politika -

Inbestidura saioa

Hernandok Rajoyri: 'Zu ez zaitugu gogoko, baina Espainiak behar gaitu'

Horrela justifikatu du abstentzioa PSOEko bozeramaileak. Riverak ere antzeko argudioa erabili du. Iglesiasek, berriz, "benetako oposizioa" direla aldarrikatu du.

Hernando: 'Ez zaitugu gustoko, baina Espainiak behar gaitu'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Hernando PSOEko bozeramaileak Mariano Rajoy hautagaiari esan dionez, "zu ez zaitugu gogoko, zure politikak ere ez ditugu maite, baina gure herria gustatzen zaigu, behar gaitu".

Espainiako presidentea aukeratzeko inbestidura eztabaidaren bigarren saioa da gaurkoa, eta taldeetako bozeramaileek dute hitza. Antonio Hernando sozialisten eleduna izan da hitz egiten lehena.

PSOEk Rajoyren inbestidura ahalbideratuko du, bigarren bozketan abstenituta. Erabaki hori azaltzen saiatu da Hernando: "Zu ez zaitugu gogoko presidente gisa, zure politikak ere ez ditugu maite, baina gure herria gustatzen zaigu, baita dugun demokrazia ere, denon artean lortu dugulako". PSOEren abstentzioak  hilabeteotan egondako "blokeoa" gainditzen lagunduko duela esan du Hernandok. Haren hitzetan, herritarren arazoak ezin dira konpondu barik utzi "alderdien berekoikeriagatik". "Espainiak behar gaitu", argudiatu du.

PSOEko bozeramailearen esanetan, sozialisten abstentzioa aukera txarren artean onena da: "Egin dezakegun bakarra da, abstentzioa ala hauteskundeak". Horren ildotik, PSOEk bere historian hartu dituen beste erabaki "zail" batzuk hartu ditu ahotan Hernandok, Espainia NATOn sartzekoa, adibidez. "Herritarren interesak gure alderdiaren interesen aurretik ipini ditugu maiz, eta denborak arrazoia eman digu". Kasu honetan ere, "denborak arrazoia emango digu", betiere Hernandoren ustez.

Bozeramailearen hitzak txalotu dituzte PSOEko diputatu gehienek, ez, ordea, Pedro Sanchez idazkari nagusia izandakoak eta haren aldekoek (Cesar Luena eta Maria Gonzalez Veracruz, besteak beste).

Unidos Podemos

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia izan da berba hartzen bigarrena, bere txanda Xavier Domenech (En Comu Podem), Alberto Garzon (IU) eta Alexandra Fernandez (En Marea) partekatu badu ere.

Debate investidura

Iglesias, tribunara igotzen. EFE

Iglesiasek "historikotzat" jo du Podemosek hartutako jarrera, eta "benetako oposizioa" izango direla nabarmendu du. Haren berbetan, "gu ez gara makurtu, PSOEk eta Ciudadanosek egin duten bezala".

PPk, PSOEk eta Ciudadanosek "aliantza hirukoitza" osatu dutela salatu, eta "herrialde nazioanizdun honen estatu gabeko nazioak, 45 urte beherakoak, eta hiri handiak" akordiotik kanpo geratu direla deitoratu du. "Denborak bakoitza bere lekuan jarriko du", ohartarazi du Hernandoren adierazpenei erreferentzia eginda.

Iglesiasen aburuz, Kongresuan "kanpoan baino gaizkile gehiago dago", eta herritarrek protesta egiteko duten eskubidea aldarrikatu du. Une horretan Ana Pastor Kongresuko presidenteak gogorarazi dio diputatu guztien ohorea errespetatu behar duela. "Nire aberriaren eta herri honetako bizilagunen ohoreari zor diot nik errespetua, ez ganbera honi", erantzun dio Podemoseko buruzagiak.

PSOE ere ahotan hartu du alderdi morearen idazkari nagusiak, eta zuri bozkatzeagatik kritikatu du. "Aitortzea kostako bazaie ere, PPrengandik hurbilago daude", ohartarazi du.

Ciudadanos

Bozeramaile sozialistak abstentzioa justifikatzeko argudio bera erabili du Ciudadanoseko presidenteak euren baietza azaltzeko. Esan duenez, PPren gobernua ez da Ciudadaosena, eta Mariano Rajoy ez da nahi zuten presidentea, baina "egoera politikoa blokeotik atera beharra zegoen".

Riveraren hitzetan, Ciudadanos "koalizio handia"ren ?PPren, PSOEren eta Ciudadanosen artekoa? aldekoa zen, eta "harago" joan nahi zuen "ustelkeriarik gabeko gobernu baten osaketan".

albert rivera ciudadanos efe

Rivera, bere hitzaldiaren une batean. EFE

Babesa eman bai, baina bi alderdien artean izenpetutako akordioa betetzeko deia egin dio, eta ohartarazpena egin dio segituan: "Betetzen ez badu, honek gutxi iraungo du".

Hitzaldian, Podemos hartu du jomuga Riverak. Kongresuaren kanpoaldean larunbaterako deituta dagoen elkarretaratzea babesteagatik kritikatu du, eta gogorarazi dio estatu kolpe bakarrak Antonio Tejerok egindakoa izan zela.

PSOEri akordiora biltzeko eskatu dio Ciudadanosek.

ERC

Joan Tarda ERC alderdiak Kongresuan duen bozeramaileak Mariano Rajoyri ohartarazi dio gaur dagoen aukera bakarra "erreferenduma edo erreferenduma" dela, Kataluniako prozesu independentistaren aurrean, eta galdeketa horretan katalanek besterik ezin izango dutela parte hartu, "brexit"ari buruz Erresuma Batuko herritarrek bakarrik bozkatu zuten moduan, nahiz eta Europar Batasuna osoari eragiten dion.

"Rajoy jauna, erreferenduma edo erreferenduma. Hau da, edo hitzartutako konponbide demokratikoa edo nazioarteko araubidearen araberako konponbide demokratikoa", azpimarratu du Tardak inbestidura-saioko bere mintzaldiari ekin eta berehala.

Bere aburuz, "ez dago beste aukerarik, konponbide demokratikoa besterik ezin daiteke egon Espainiako Erreinuaren eta Kataluniaren artean". Horrez gain, PPren jarrera autoritarioa dela eta indarra eta indarkeria judiziala erabiltzen duela adierazi du.

Joan Tardá ERC EiTB

Joan Tarda bere mintzaldian. EiTB

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Albisteak Alderdi Sozialista Rajoy albisteak Espainiako Gobernua argazkiak