Politika -
Nafarroako Egoeraren eztabaida
Barkosek gaitzetsi egin du bere Gobernuak aurkitu zuen egoera 'larria'
Lortutako itunak nabarmendu ditu, baita 'itun programatikoaren inguruan sortutako egonkortasun-konpromisoari eutsi izana' ere.
Agentziak | Erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak kritikatu egin du bere Gobernuak heldu zenean aurkitu zuen egoera "larria" eta "etsigarria", eta, nabarmendu duenez, legegintzaldiko lehen urtean bere lantaldea buru-belarri aritu da egoera horri "aurre egiten". Horrez gain, hezkuntzan zein eskubide sozialetan benetako "egoera larria" zegoela ere nabarmendu du; gaitzetsi egin du ere Udaletako egoera, eta kulturan eta kirol esparruan erabateko hondamendia zegoela adierazi du.
Barkosek, Foru Erkidegoaren Egoerari buruzko Eztabaidako mintzaldian, bere Gobernuak topatu zuen egoera laburbildu du, "3.323 milioiko zorra zuen Nafarroa".
"Erkidegoko diru-kutxak erabat ahiturik, hutsik aurkitu genituen", kritikatu du Barkosek. Garapen ekonomikoari dagokionez, ez zutela ezer jaso azaldu du, "ez guk, ezta Nafarroako gizarteak ere". "Garapen ekonomikoaren alorrean, ez genuen Foru Gobernuak bultzatutako proiektu bakar bat ere aurkitu", gaineratu du.
Halaber, Nafarroako presidenteak kritikatu egin du "sekula borondaterik egon ez izana euskararen legea garatzeko herritarren arretari dagokionez, ezta ETB jasotzeko konponbiderik eman nahi ez izana".
Lauko Gobernua
Bere mintzaldiaren hasieran, bere Gobernuan zehar lortutako itunak nabarmendu ditu Barkosek, baita "itun programatikoaren inguruan sortutako egonkortasun-konpromisoari eutsi izana" ere. Erreforma fiskala eta Aurrekontuak "oinarrizko tresnak izan dira gure gizartearen egonkortasunerako" jarraitu du esaten.
Bere esanetan, "lehendabiziko urte honetan berebiziko garrantzia zuen Foru Erkidegoa Europan (batez ere ardatz Atlantikoari dagokionean) birkokatzeko prozesua martxan jartzea". "Gaur esan dezakegu Nafarroa EAEk eta Akitaniak osatzen duten euroeskualdera bateratu dela, eta horrek zalantzagabeko eraginak ditu garapen soziekonomikoari, kulturari eta gure erkidegoaren tokiko garapenari dagokionez".