Politika -
XI. legegintzaldia
Legebiltzar berriak 48 aholkulari izango ditu, bat gutxiago
Segur aski, azaroaren 10ean jakingo da noiz egingo den lehendakaria hautatzeko inbestidura saioa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarreko taldeek 48 aholkulari izango dituzte hurrengo legegintzaldian, aurreko legegintzaldian baino bat gutxiago, azken egunotan aholkulari kopurua handitzeko aukera mahai gainean izan bada ere.
Legebiltzarrak aurreko legegintzaldiko irizpideak mantentzea onartu du gaur eta, beraz, guztira 49 aholkulari izatetik 48 izatera igaroko dira.
EAJk aurreko legegintzaldian adina aholkulari izango ditu, 14; EH Bilduk, 11, bat gutxiago; Elkarrekin Podemosek, 9; PSE-EEk, 8 eta PPk, 6. Sozialistek eta 'popularrek' hiru aholkulari galduko dituzte aurreko legegintzaldiarekin alderatuta.
Bozeramaileen Batzordeak hartu du aholkularien inguruko erabakia eta ondoren Mahaiak berretsi egin du. Bestalde, Legebiltzarreko osoko bilkurak bateraezintasunen behin-behineko batzordearen osaketa onartu du. Aipaturiko batzordea talde parlamentario bakoitzeko bi kidek osatuko dute: EAJren izenean, Kerman Orbegozo eta Joseba Zorrilla; EH Bilduren izenean, Eva Blanco eta Leire Pinedo; Elkarrekin Ahal Duguren izenean, Edurne Garcia eta Iñigo Martinez; PSE-EEren izenean, Alexia Castelo eta Rafaela Romero eta PPren izenean, Carmelo Barrio eta Anton Damborenea.
Bateraezintasunen behin-behineko batzordeak gaur egin du bere lehen bilera eta azaroaren 7an egingo du bigarrena. Gero, bateraezintasunen gaia osoko bilkurara eramango da, segur aski, azaroaren 10ean egingo den bilkuran, eta osoko bilkura horretan ezarriko da lehendakaria hautatzeko inbestidura saiorako data ere.