Politika -

Protokoloa

Arartekoak neurri 'zehatzak' proposatuko ditu torturari aurre egiteko

Besteak beste, komisarietan grabazioak egiteaz arduratzen direnak poliziekiko independenteak izatea eskatzen du Iñigo Lamarcak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Lamarca Arartekoak neurri "zehatzak" proposatuko ditu datozen hilabeteetan poliziaren torturak edo tratu txarrak prebenitzeko bermeak hobetze aldera.

Torturak saihesteko Espainiako Estatuaren tresna Herriaren Defendatzailea zela erabaki zutenetik sortu den gogoeta orokorraren baitan egingo ditu Arartekoak proposamenak.

Eusko Legebiltzarrean eman du Arartekoak erabakiaren berri, 2009ko urteari dagokion txostenaren aurkezpenean. Iaz Arartekoak 1.917 kexa jaso zituela jakinarazi du .

Arartekoak esan du badakiela "udaltzaingoaren komisaria askotan bideograbaketa sistemak jartzen ari direla". Baina neurri hori "ona" dela onartu arren, udaltzainek Ertzaintzak jarri dituen "berme neurri" gehiago behar dituela iritzi dio Lamarcak.

Besteak beste, komisarietan grabazioak egiteaz arduratzen direnak poliziekiko independenteak izatea eskatzen du.

Gainera, ardura administratiboak edo penalak preskribatu arte grabazioak gordeta egon beharko direla eskatuko du. Era berean, grabaketen erregistro bat osatzea proposatuko du.

Lamarcak gogorarazi du tortura saihesteko Espainiako Estatuaren tresna izendatu zutela Herriaren Defendatzailea, eta Espainiak Nazio Batuen Erakundearen torturak saihesteko protokoloa sinatu zuela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea