Politika -
Gobernagarritasuna
Erkorekaren esanetan, formula guztiak aztertzen ari dira oraindik
Jarduneko Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu duenez, datozen egunetan bilerak egingo dituzte gobernu berria osatzen saiatze aldera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josu Erkoreka jarduneko Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur adierazi duenez, gobernatzeko formula guztiak aztertzen ari dira oraindik, eta EAJk Eusko Jaurlaritza berria osatzeari begira bilerak egingo ditu datozen egunetan. Halaber, ziurtatu du PSE-EE Gobernu koalizioaren alde agertzen bada ere, horrek ez duela ezer aurreratuko.
Gobernu bileraren ondorengo agerraldian, EAJk Gobernu egonkorra osatzeko asmoz PSE-EErekin eta EH Bildurekin abiatutako negoziazio bilerak hizpide izan ditu.
Erkorekaren esanetan, Euskadiren gobernagarritasuna bermatzeko bilera gehiago izango dira datozen egunetan. Hala ere, adierazi du bilera horiek behin betikoak izango diren ala ez esateko arinegi dela.
PSE-EEk gobernu koalizio baten alde egin dezakeen hautuaz galdetuta, Erkorekak esan du gobernatzeko formula guztiak daudela zabalik oraindik. "Koalizioaren aukera hor dago, baina gobernatzeko beste aukera zabalik daude oraindik", gaineratu du.
Alderdi Sozialistak kolaborazio formula batekiko lehentasuna agertu ote duen galdetuta, berriz, Erkorekak nabarmendu du sozialisten jarrera errespetatzen duela, baina horrek ez duela nahitaez emaitza bat ekarriko.
Eusko Jaurlaritzak jarrera aldaketa eskatu dio Espainiako Gobernu berriari
Josu Erkorekak jarrera aldaketa bat izateko eskatu dio Espainiako Gobernu berriari, besteak beste, mespretxuzko jokabidea baztertzeko eta elkarrizketan sakontzeko, eta euskal agendari heltzeko. Jarduneko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, ministro berriak zein izango diren baino garrantzitsuagoa da Mariano Rajoyk bere Gobernuari emango dion orientazio politikoa.
Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izendatu zuten egunean Iñigo Urkulluk mezua bidali ziola, baina zorion eta kortesiako mezuaz gain ez dela harreman sakonagorik egon argitu du Erkorekak.
Itxaropenari eutsi nahi dio Jaurlaritzak, baina azken lau urteetako ibilbideari erreparatuta zuhurtziaz jokatu nahi du.