Politika -

Elkarrizketa Vanity Fair-en

Basagoiti: Patxi Lopezekiko harremana 'sexua da amodioa baino gehiago'

EAEko PPren buruak, bestalde, gogor kritikatu ditu ETAren "negoziazioekin poltsikoak betetzen dituzten lotsagabeak", eta "bitartekaritzaren mertzenarioak" direla salatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak dio Patxi Lopez lehendakariarekin duen harremana "arduratsua" dela, "ez konfiantzazkoa", eta metaforikoki esan du Patxi Lopezekiko lotura "sexuala" dela, "maitasunezkoa baino gehiago".

Gainera, Basagoitiren esanetan, harreman hori "ez da errutinan erori eta ez du ezkontzaz kanpoko abenturen beharrik izan. Galdarara ikatzik botatzen ez badugu, errutina momentuak irits daitezke, baina arduraz jokatzen jarraitzeko borondate argia dugu".

Bestalde, Vanity Fair aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean Antonio Basagoitik adierazi duenez, "bitartekaritzaren negozio bat" dago eta berak badaki Ibarretxeren Gobernuak Irlandatik eta Hegoafrikatik iritsitako "tipo batzuei" ordaindu ziela eta horiek "poltsikoak bete zituztela bakeari buruzko foroetan hitz eginez, Euskal Herriari buruz ezer jakin gabe".

"Bitartekaritzaren mertzenarioak" direla salatu du, eta ETArekin negoziatuz "dirutzak lortu dituzten lotsagabeak" direla esan du. Gainera, ETA "indartu" besterik ez dutela egiten eta erakunde armatua "negoziaziorako agente" bihurtzen dutela gaitzetsi du.

Bestalde, Basagoitik ukatu egin du Mariano Rajoy alderdiko presidenteak "epel" jokatu duela Luis Barcenasekin, Jaume Matasekin eta Ricardo Costarekin, ustezko ustelkeria kasuetan izan dezaketen erruagatik. "Bere zuhurtzia goraipatzen dut. Gorputzak agian antzarrak perratzera bidaltzea eskatzen dit, baina lasai jokatu du", haren esanetan.

Jaume Matasi buruz, buruzagi popularrak esan du "lapur bat eta lotsagabe bat" dela eta "publikoki barkamena eskatu beharko" lukeela. "Kasu horretan ez dago zalantzarik. Barkamena eskatu beharko luke PPko kide eta herritarren ordezkari den heinean", gaineratu du.

Basagoitiren ustez kasu hori "ezin da inolaz ere Francisco Campsenarekin alderatu, gizon zuhurra baita eta ez da auto garestietan ibiltzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea