Politika -

Espainiako Gobernuaren osaketa

Rajoyren Gobernuak sei ministro berri ditu, tartean Cospedal

Soraya Sanz de Santamariak, Luis de Guindosek, Cristobal Montorok, Fatima Bañezek, Isabel García Tejerinak eta Rafael Catalak jarraitzen dute. Garcia-Margallo, Fernandez Diaz eta Morenes, kanpoan.

Maria Dolores de Cospedal eta Mariano Rajoy. Artxiboko argazkia: EFE
Maria Dolores de Cospedal eta Mariano Rajoy. Artxiboko argazkia: EFE
Gobernu berria osatuko dutenen izenak eman ditu Mariano Rajoyk

2:11

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyren Gobernuak sei ministro berri izango ditu: Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia, Iñigo de la Serna bizkaitarra eta egun Santanderreko alkatea, Juan Ignacio Zoido Sevillako alkate izandakoa, Alvaro Nadal, Dolors Montserrat eta Alfonso Dastis.

Izendapen horien artean, Alfonso Dastisenak eragin du nolabaiteko harridura, gaur arte haren izenik aipatu ez delako. Dastis Espainiaren enbaxadorea izan da Europar Batasunean; Atzerri ministro kargua hartuko du.

Espero bezala, Maria Dolores de Cospedal Espainiako Gobernu berrian izango da eta Defentsa Ministerioa zuzenduko du.

Barne Ministerioaren ardura, berriz, Juan Igancio Zoido Sevillako alkate ohiari eman dio Rajoyk.

Legegintzaldiko aurrekontu handienetakoa izan ohi duen Sustapen Ministerioa Iñigo de la Sernaren esku egongo da. Politikari bilbotarra Santanderreko alkate izan da gaur arte.

Alvaro Nadalek zuzenduko du Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioa. Orain arte Moncloako 'sukaldean' aritu da lanean, Presidentearen Bulego Ekonomikoaren zuzendari gisa, hain zuzen ere.

Dolors Montserrat Kataluniako Alderdi Popularreko buruzagia Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministroa izango da.

Rajoy Gobernua 1

Rajoy Gobernua 1

(Ezkerretik eskuinera, eta goitik behera: Mariano Rajoy, Soraya Sáenz de Santamaría, Alfonso Dastis, Rafael Catalá, Iñigo de la Serna, Iñigo Méndez de Vigo, Fátima Báñez, Álvaro Nadal)

De Guindos, Montoro eta Bañez, talde ekonomikoan

Luis de Guindosek Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa zuzentzen jarraituko du eta Cristobal Montoro berriro izango da Ogasun eta Funtzio Publikoko ministro.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioa Fatima Bañezen ardurapean egongo da beste legegintzaldi batez eta Isabel Garcia Tejerina berriz izango da Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministro.

Horrenbestez, Rajoyk Luis de Guindos saritu du, Ekonomia ministerioaz gain, Industria gaiak ere berak kudeatuko dituelako.

Soraya Saenz de Santamariak Gobernuko presidenteorde, Presidentzia ministro eta Lurralde Administrazioetako ministro karguak izango ditu.

Irteerak

Bestalde, Mariano Rajoyren Gobernu berritik kanpo geratu dira Jose Manuel Garcia-Margallo, Jorge Fernandez Diaz eta Pedro Morenes.

Joan den legealdian, Atzerri Ministerioa, Barne Ministerioa eta Defentsa Ministerioa zuzendu zuten, hurrenez hurren.

Rajoyk aurrez aurre eman die bere erabakiaren berri hiru ministro ohiei.

Rajoy Gobernua 2

Rajoy Gobernua 2

(Ezkerretik eskuinera, eta goitik behera: María Dolores de Cospedal, Cristóbal Montoro, Juan Ignacio Zoido,Isabel García Tejerina, Luis de Guindos, Dolors Montserrat)

Espainiako Gobernu berriaren osaketa:

- Presidentea: Mariano Rajoy Brei

- Presidenteordea, Presidentzia eta Lurralde Administrazioetako ministroa: Soraya Saenz de Santamaria

- Atzerri eta Kooperazio ministroa: Alfonso Dastis Quecedo

- Justizia ministroa: Rafael Catala Polo

- Defentsa ministroa: Maria Dolores de Cospedal Garcia

- Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa: Cristobal Montoro Romero

- Barne ministroa: Juan Ignacio Zoido Alvarez

- Sustapen ministroa: Iñigo de la Serna Hernaiz

- Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa eta Gobernuaren bozeramailea: Iñigo Méndez de Vigo y Montojo

- Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroa: Fatima Bañez Garcia

- Energia, Turimos eta Agenda Digital ministroa: Alvaro Nadal Belda

- Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura eta Ingurumen ministroa: Isabel Garcia Tejerina

- Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun ministroa: Luis de Gunidos Jurado

- Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministroa: Dolors Montserrat Montserrrat

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Popularra Rajoy berriak Hauteskunde orokorrak Espainian Espainiako Gobernua Gaurko azken ordukoa