Politika -
Himnoaren aurkako txistualdia
Santiago Espotek astelehenean bueltatu beharko du deklaratzera
Santiago Espotek 2015eko Errege Kopako finalean Espainiako himnoaren aurka izandako txistualdia dela-eta deklaratuko du.
Agentziak | Erredakzioa
Santiago Espot Catalunya Accio taldeko presidenteak astelehean bueltatu behako du Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratzera, 2015eko Errege Koparen finalean himnoaren aurka egindako txistukada bultzatzeagatik. Hitzordua astelehen honetan zuen arren, Espoten abokatuak adierazi duenez, ezin izan du defentsa prestatu, sumarioko informaziorik ez duelako eduki orain arte.
"Askotan esan dudan moduan, Eskubide Unibertsalek adierazpen-askatasunerako onartzen duten eskubidea erabili nuen. Horrexegatik emango dut beti aurpegia, jendaurrean azalpenak emateaz gain", azaldu du.
Beste hainbat erakunde independentistak egin zuten moduan, Catalunya Acció taldeak ere txistuak banatu zituen ikusleen artean, independentziaren alde eta Kataluniaren aurkakotzat jotzen zituzten ikurren aurka txistu egin zezaten bultzatzeko.
Manos Limpias sindikatuak kereila jarri ondoren abiatu zuten auzia bitan utzi zuen bertan behera Andreuk, txistukada ez zela delitu izan argudiatuta. Halaber, epailearen arabera, ezinezkoa zen hori pertsona juridikoei leporatzea, elkarte batzuek deitu baitzuten; Catalunya Acció, Plataforma pel Dret a Decidir eta Units per Declarar la Indepencia de Catalunya elkarteek, besteak beste.
Hala ere, Auzi Penaletarako Aretoak auzia berriz abiatzea agindu dio, Kataluniako Gobernuaren helburu independentistak sortutako "testuinguru instituzionala" kontuan hartuta, gertaerak delitu-zantzua izan dezakeelako.