Politika -

Inbestidura saioa

EH Bilduk Maddalen Iriarte aurkeztuko du lehendakarigai

Unai Urruzuno legebiltzarkideak esan duenez, gai sozialetan EAJrekin dituzten alde "handiak" agerian geratu ostean hartu dute erabakia.

EH Bilduk Maddalen Iriarte aurkeztuko du lehendakarigai

1:49

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Maddalen Iriarte aurkeztuko du lehendakarigai Eusko Legebiltzarrean azaroaren 23an eta 24an egitekoa den inbestidura saioan, Unai Urruzuno koalizioaren legebiltzarkideak Radio Euskadin esan duenez. Hautagaitza ostirala baino lehen aurkeztuko dute, egun horretan amaitzen baita epea.

Gai sozialetan EAJrekin dituzten "ezberdintasun handiak" oinarri hartuta hartu du erabakia koalizioak, Urruzunok nabarmendu duenez. Hiru aldiz bildu dira jeltzaleak eta abertzaleak, eta azken batzarraren ostean, EH Bildurekin gobernagarritasun akordioa egitea "ezinezko" jo zuen atzo EAJk.

Urruzunoren hitzetan, bi alderdiek mahai gainean izan dituzten testuetan eta zenbakietan baino, ezberdintasunak gainditzeko "borondate faltan" egon da traba.

"EH Bilduk Maddalen Iriarte buru dela ekingo dio inbestidura saioari, EAJrekin egin ditugun bileretan argi geratu baita gai sozialetan ditugun ezberdintasunak agerikoak eta dezente handiak direla", argitu du.

Gai horretan "jauzi kualitatiboa" egin nahi du koalizioak legealdi honetan. Legebiltzarkidearen esanetan, "beste politika sozial batzuk posible dira, beste neurri ekonomiko batzuk, eta EH Bilduk bere lorratza utzi behar du horretan, hasiera-hasieratik". Urruzunok egindako irakurketaren arabera, herritarrek EH Bildu jarri dute oposizioko lehen indar, "baina horrek ez du esan nahi oposizioak konfrontaziozkoa izan behar duela beti, gai batzuetan aurrez aurre izango ditugu EAJ, PSE eta PP, baina herri akordio handiak lortzeko abagunea ere badago".

Aurrera egiteko aukera

Hala, Estatuan gertatzen ez den bezala, Euskadin "badaude kohesio sozialean, enpleguan, bakegintzan eta estatus politiko berrian benetako aurrerapenak egiteko baldintza politikoak. Hori horrela dela sinistuta, estrategia eta programa autonomo batekin egingo diogu aurre legealdiari", esan du Urruzunok.

Orain arte EAJri eta Podemosi "proposamenak" egin dizkio EH Bilduk, baina aurrerantzean koalizioak "aurrea hartuko du".

Jeltzaleekin dituzten desadostasunak hizpide, EH Bilduk proposatutako hainbat ekimen aipatu ditu Urruzunok. Besteak beste, erretiro-pentsioa osatzeko 1.080 eurorainoko osagarriak, lanera atzerrira joan diren gazteak itzultzeko plana edota enplegu publikorako plangintza. Denak "eginezinak eta bideraezinak" direla erantzun die EAJk. Urruzunok salatu duenez, "ez da sakoneko negoziaziorik egon, eta traba, testuan edo zenbakietan baino, desadostasunak gainditzeko borondate faltan egon da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Legebiltzarra argazkiak Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak EH Bildu bozeramailea