Politika -

EH Bildu-PSEren arteko bilera

Otegiren aburuz, PSE-EErekin biltzeak 'normaltasuna dakarkio herriari'

Euskal sozialistek positibotzat jo dute topaketa, eta gizarte ekimen 'progresisten' alde agertu dira, baita alderdi bien arteko elkarkidetza beste esparru batzuetara zabaltzearen alde ere.

EH Bildu eta PSE-EEren arteko bilera. Argazkia: EFE
EH Bildu eta PSE-EEren arteko bilera. Argazkia: EFE
EH Bilduk eta PSEk positibotzat jo dute bilera

2:04

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko burua eta Sortuko idazkari nagusiak azpimarratu duenaren arabera, ostegun honetan EH Bildu eta PSE-EEren artean izandako bileraren "argazkiak normaltasuna dakarkio herriari". Aldi berean, gaineratu duenez, EH Bildu eta sozialistak hitz egiten jarraitzeko prest daude, "egunen batean" akordioak adosteko gai diren ikusteko, nahiz eta epe laburrera "ia segurua izan" EAJ eta PSEren arteko gobernua eratuko dela, eta, bere aburuz, aukera hori "ez den herriak behar duena".

EH Bilduko eta PSE-EEko ordezkaritzek sozialisten Bilboko egoitzan ostegun honetan izan duten ia bi orduko bileraren ostean egin ditu Otegik adierazpen horiek.

Sortuko idazkari nagusiarekin batera, Rebeka Uberak eta Julen Arzuagak osatu dute EH Bilduren ordezkaritza; PSEren aldetik, ostera, Idoia Mendia idazkari nagusia, Miguel Angel Morales eta Begoña Gil bertaratu dira.

Bilera bukatzean, Otegik azpimarratu du gaurko "argazkiak" normaltasuna dakarkiola herriari, eta hori bat datorrela "gizartean benetan gertatzen ari denarekin". Bere esanetan, gizartea "gero eta normalizatuagoa da", nahiz eta oraindik "oso larriak diren gaiak konpondu behar diren", besteak beste, "presoena".

Sozialistek positibotzat jo dute bilera

Bere aldetik, PSE-EEk bilera "positiboa" izan dela iritzi dio, eta gizarte gaietan ekimen progresistak martxan jartzearen alde agertu da, joan zen legegintzaldian Etxebizitzaren Legearekin egin zuten moduan (lege hori sozialisten eta EH Bilduren babesarekin atera zen aurrera). Horrez gain, sozialistek uste dute mota horretako lankidetza "beste esparru batzuetara zabaldu" behar dela.

Egoera politikoa, soziala eta ekonomikoa jorratu dituzte ordezkaritza biek, Eusko Legebiltzarreko XI. legegintzaldia hastear denean. Idoia Mendiaren esanetan, gaurko bilera "Euskadiko esparru instituzionalean ordezkaritza zabala duten bi alderdiren artean egon beharko lukeen ikuspegi-trukatze etengabearen barruan" kokatzen da.

PSE-EEk nabarmendu duenaren arabera, "etorkizunean lankidetzan aritzeko asmoa" azaldu dute alderdi biek, "dagoeneko Eusko Legebiltzarrean gertatu denez, nahiz eta ezin dezakegun ahaztu bien artean desadostasun nabariak daudela zenbait gairen inguruan, aurretiaz ere plazaratu izan direnak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika albisteak Idoia Mendia bideoak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE albisteak Eguneko albisteak