Politika -

Auzitegi Nazionala

Altsasun atxilotutako gazte baten kontrako auzia artxibatu du epaileak

Guardia zibilek eta euren bikotekideek ez zuten gaztea ezagutze-erronda identifikatu, eta auzitik ateratzea erabaki du orain epaileak.

Bi gazte euren kabuz joan ziren Auzitegi Nazionalera, asteazkenean. EiTB
Bi gazte euren kabuz joan ziren Auzitegi Nazionalera, asteazkenean. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean Altsasuko liskarren harira atxilotutako baten, E.M.ren, kontrako auzia artxibatzea erabaki du Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak. Asteazkenean ustezko erasotzaileak identifikatzeko ezagutze-erronda egin zuten, eta urriaren 15ean zauritutako guardia zibilek eta haren bikotekideek ez zuten E.M erasotzaileen artean aipatu.

Horrenbestez, haren kontrako "zantzurik" ez dagoela argudiatuta, atxilotutako gazte honen kontrako auzia artxibatu du epaileak gaur kaleratutako autoan. Gaztea baldintzapeko askatasunean zegoen. Astean birritan gertuen zuen epaitegira joan behar zuen sinatzera, eta debekatuta zuen Estatutik ateratzea.

Hasiera batean, ustezko erasotzaileen artean kokatu zuten E.M. Hainbat argazki erakutsi zieten guardia zibilei eta euren bikotekideei, eta identifikatutako pertsonak atxilotu zituzten astelehenean. Asteazkenean egindako ezagutze-errondan, ordea, euren "bertsioa aldatu" zutela azaldu du epaileak autoan.

Laurek esan zuten E.Mk ez zuela erasoan parte hartu. Tenienteak adierazi zuenez, gaztea taberna barruan zegoen, eurei begira. Sarjentuaren arabera, neska erasoaren tokian zegoen, baina ezin izan zuen zehaztu zertan ibili zen. Emakumeetako batek ez zuen identifikatu, eta besteak esan zuen argazkietan identifikatu arren, ezagutze-errondan halakorik egin ezin zuela.

Honen aurrean, Altsasuko gaztea auzitik atera du epaileak, eta ezarritako kautelazko neurriak kendu dizkio.

Bederatzi pertsona daude auzipetuta Altsasuko auzian: zazpi kartzelan, eta beste bi, libre baina badaezpadako neurriekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Berriak Politika Gaurko azken ordukoa