Politika -

10 urte ETAk hil zuela

Joxe Mari Korta oroitzeko ekitaldiak antolatu dituzte abuzturako

Federico Mayor Zaragozak uste du arrazoiak egon badaudela indarkeriaren amaiera inoiz baino gertuago egon daitekeela pentsatzeko. Ezker abertzaleak eta ETAk eskua luzatzearen alde egitea espero du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak ekitaldi ezberdinak antolatuko ditu datorren abuztuan, ETAk enpresari gipuzkoarra hil zuela 10 urte beteko direla eta. Zehazki, Donostian ekitaldi kultural bat egingo dute; Zumaian elkarretaratze isila; eta erakusketa bat ere prestatuko dute.

EHUren Donostiako Campusean aurkeztu dituzte aipatu ekimenak. Agerraldian Jesus Mari Mujika aipatu fundazioaren bozeramailea, Ibai Korta (Joxe Mari Kortaren semea) eta Federico Mayor Zaragoza Bakerako Kulturaren Fundazioko presidentea eta Unescoren zuzendari ohia izan dira.

Egitaru horren bitartez, Joxe Mari Korta "errespetutik" gogoratu nahi dute, "gorrotoa eta bere figuraren edo hilketaren erabilera alderdikoiak albo batean utzita". 2000. urteko abuztuaren 8an hil zuen ETAk Gipuzkoako enpresarien presidentea.

Bestalde, Federico Mayor Zaragozak esan du indarkeriaren amaiera "orain inoiz baino hurbilago" dagoela eta ezker abertzaleak eta ETAk "beso armatua uztea eta eskua luzatzea" espero du.

Zaragozak azpimarratu duenez, bere ustez "arrazoiak" egon badaudela "konponbidea azkar" hel daitekeela pentsatzeko, "indarkeria amaituko dela eta integrazioa emango dela pentsatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea