Politika -
‘Black’ txartelak
Fiskaltzak kartzela-zigor eskaera berretsi du Rato eta Blesarentzat
Biek “oso diru gutxi” itzuli dutela eta horrek ez duela sortutako kaltea konpontzen adierazi du. Ondorioz, presidente ohiei ez die aringarririk ezarri.
Agentziak | Erredakzioa
Alejandro Luzon Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak sei eta lau urte eta erdiko kartzela-zigor eskaerak berretsi ditu Miguel Blesa eta Rodrigo Ratorentzat, bidegabeko jabetza leporatuta. Ildo horretatik, Caja Madrideko presidente ohiek ‘black’ txartelekin egindako erabilera ezagutzen zutela gaineratu du. Dena den, diru guztia itzuli zuten Caja Madrideko eta Bankiako 18 ordezkari ohiren zigor eskaerak aldatu ditu.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak jakinarazi duenez, biek itzuli duten diruak ez du sortutako kaltea konpontzen. Ondorioz, Caja Madrideko presidente ohiei ez die aringarririk ezarri eta 108.000 eta 99.054 euroko zigorra jarri die Blesa eta Ratori, hurrenez hurren.
Era berean, Luzok ziurtatu du akusatu guztiek ez dutela berdin jokatu. Ildo horretatik, batzuk ‘black’ txartelekin gastatutako dirua berehala itzuli zutela nabarmendu du. Gauzak horrela, Blseak eta Ratok oso diru gutxi itzuli dutela eta ezin diela aringarririk ezarri azpimarratu du.
Akusazioa eta defentsa
Beste alde batetik, auzipetu guztien defentsek akusatuak aske uzteko eskatu dute, Caja Madrid eta Bankiako 65 kontseilari eta zuzendari ohiek deliturik egin ez dutela argudiatuz.
Gainera, akusatuei leporatzen zaizkien egintzen nondik norakoak gehiago zehazteko eskatu dute Rodrigo Rato eta Jesus Pedrocheren defentsek.
Bankiak eta BFAk akusazio partikularra osatzen dute eta Miguel Ángel Araujo Serrano ondorioei buruz egindako txostenetik kanpo utzi dute, epaiketa hasi aurretik hil baitzen (instrukzio fasean).