Politika -
Epaiketa
Gasteizko 'herri harresiko' 8 auzipetuen aurkako eskaerari eutsi diete
Fiskaltzak bederatzi eta 12 hilabete bitarteko zigor eskaera egin du auzipetuentzat. Epaiketa auzipetuen parte-hartzerik gabe egin da, eta epaiaren zain gelditu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2015eko maiatzean Gasteizko 'herri harresian' parte hartzea egotzita auzipetuta dauden zortzi pertsonaren kontrako zigor eskaerari eutsi dio Fiskaltzak. 'Herri harresi' horretan, Alaia Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban gazteak atxilotu zituzten. Epaiketa auzipetuen parte-hartzerik gabe egin da, eta epaiaren zain gelditu da.
Epaiketan, defentsa abokatuek zortzi gazteen absoluzioa eskatu dute. Hala ere, gazteen kontrako zigor-epaia ematekotan desobedientzia delitu arina leporatu behar litzaiekeela azpimarratu dute, Ertzaintzaren agindu bat ez obeditzeagatik.
Fiskaltzak agintaritzaren aurkako atentatua egin izana leporatu die. Hala ere, modu subsidiarioan desobedientzia delitu larritzat jo daitekeela adierazi du. Beraz, zortzi pertsonaren aurkako zigor eskaerari eutsi dio.
Gasteizko Harresia kolektiboak deituta, Justizia Jauregiaren atarian elkarretaratzea egin dute 12:30ean zortzi auzipetuei babesa emateko. Zortziren izenean hitz egin duen Izaskun Goienetxea auzipetuak azaldu duenez, egindako ekintza "zilegia" zen eta, beraz, ez lituzkete epaitu beharko. "Gasteizko Harresia" kolektibo kide batek desobedientzia aldarrikatu du "legedi injustuei" aurre egiteko tresna gisa. Bestalde, Gasteizko Harresiak diru-bilketa bat abiatu du defentsa gastuei eta isunei aurre egiteko. 10.000 euro biltzea dute helburu.