Politika -
Erabakia
Aznarrek uko egin dio Alderdi Popularreko ohorezko presidente izateari
Alderdi horren militantea izaten jarraitzeko asmoa badu ere, FAES Fundazioak alderdi politikoekin zituen lotura guztiak apurtu dituela arrazoitu du.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak gutun bat bidali dio Mariano Rajoy PPko buruari, alderdiaren ohorezko presidente izateari uko egiten diola jakinarazteko. Dena den, alderdi horren militantea izaten jarraitzeko asmoa duela ziurtatu du.
Aznarren erabakiak harridura sortu du alderdi barruan, ez zutelako espero iragarpen hori astearte honetan egitea. Alabaina, Rajoyk adierazi du lasaitasunez eta normaltasunez hartu duela presidente ohiaren erabakia.
Rajoyri bidalitako gutunean irakurri daitekeenez, zailtasun handiko une garrantzitsu hauetan arrakasta handia izatea espero duela esaten dio Espainiako presidenteari. Hartutako erabakiaren arrazoiari dagokionez, FAES Fundazioak PPrekin zituen lotura guztiak apurtu dituela eta erakunde independentea bihurtu dela dio.
“FAES Fundazioko kideek ez dute inolako kargurik betetzen alderdi politikoetan, ezta ohorezkoa ere. Erakunde horren presidentea izanik, ez naiz salbuespena izango”, adierazi du Aznarrek, arrazoi horren inguruan xehetasun gehiago eman gabe.
Azken urteotan desadostasun handiak izan dituzte Rajoyk eta Aznarrek. Gainera, Espainiako Gobernuko presidente ohiak PPren Gobernuak hartutako erabaki asko kritikatu ditu, zergen igoera edota Kataluniarekin izandako jarrera, besteak beste.