Politika -
Kataluniako Estatuta
Kataluniako alderdien erreakzioak epaiaren aurrean
Egoera "oso larria" dela esan du CiUk. Epaia testuari emandako "estokada hilgarria" dela adierazi du ERCk. Bestalde, PP erabakiarekin pozik agertu da.
Erredakzioa
Joan Puigcercos ERCko presidentearen hitzetan, epaia testuari emandako "estokada hilgarria" da, eta herritar askok Espainiako "Konstituzioan lekurik ez" dutela argi utzi du sententziak. Kataluniako Estatu propio bat bide bakarra dela uste duten biztanleen kopuruak gora egitea eragingo du horrek, Puigcercosen ahotan.
Bestalde, Alicia Sanchez Camacho Kataluniako PPren presidentea pozik agertu da Auzitegi Konstituzionalaren erabakiarekin, eta epaiarekin eztabaida "gaurtik aurrera itxita" geratu dela erantsi du. Era berean, sententziak bere alderdiari arrazoia ematen diola uste du Camachok.
Kohesio politikoa eta herritarren mobilizazioa eskatu ditu Joan Herrera ICVko idazkari nagusiak, epaia "historiako" Auzitegi Konstituzionalik "legez kontrakoena" eman duelako. Konstituzionalak politika egitera jokatu du eta Kataluniako herriak bozkatutako Estatuta apurtu du, Herreraren ahotan.