Politika -
Akordioa
Nafarroako Parlamentuak 2017rako Aurrekontu Orokorrak onartu egin ditu
Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren kontrako botoekin onartu ditu aurrekontuak.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak ostegun honetan, abenduak 22, onartu ditu 2017rako Aurrekontu Orokorrak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren kontrako botoekin. Hala, 4.061 milioi euro inguruko kreditua izango dute aurten. 2016ko datuekin alderatuta, % 6,5 gehiago suposatzen du horrek.
Aurrekontu Orokorrei buruzko legeak hainbat zuzenketa jaso ditu. Gobernua babesten duten taldeek (Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek) bederatzi zuzenketa egin dituzte, eta beste bat PSNk sinatutakoa. Beste alde batetik, UPNk, PSNk eta PPNk 314 zuzenketa proposatu dituzte, baina Osoko Bilkurak ez ditu onartu.
Zuzenketa horiek, abenduaren 12tik 15era Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean egindako eztabaidan jorratutako 105 zuzenketei gehitu zaizkie (6 izan ezik, guztiak Gobernua babesten duten lau taldek soilik sinatuta). Bilera hartan, 680 zuzenketa proposatu zituzten guztira.
2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea onartzeko Osoko Bilkura zazpi ordu eta erdiz luzatu da eta zuzenketak departamentuka sailkatu dituzte. Aurrekontu Orokorrekin batera, Nafarroako Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Ararteko erakundearen aurrekontuak onartu dituzte.
Gainera, Foru Komunitateko Administrazioaren eta horren erakunde autonomoen aurrekontuak, Nafarroako Kontseiluaren aurrekontuak, Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuak eta Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuak onartu dituzte.