Politika -
Usurbilen
Ernaik eta Aitzinak 'Kalera, kalera' ekimenari babesa erakutsi diote
EPPK-k abiatutako eztabaidari babesa emateaz gain, urtarrilaren 6an Donostian eta urtarrilaren 14an Bilbon egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute 400 gazte inguruk.
O.A. | EITB.EUS
Ernai eta Aitzina gazte erakundeetako 400 pertsona inguruk euskal preso eta iheslari ohiek abiatutako 'Kalera, kalera' ekimenari babesa erakutsi diote gaur Usurbilen.
Gazteek Usurbilgo frontoian egindako agerraldian salatu dutenez, "gerra estrategia da Euskal Herriaren konponbide nahiari estatuek eman dioten erantzuna".
Ildo horretan, jarrera "inmobilista" izatetik jarrera "oztopatzailea" izatera pasatzea leporatu diete gazteek Espainiako eta Frantziako Gobernuei, eta Altsasuko auzia eta Luhusoko polizia operazioa jarri dituzte horren adibide.
Dena den, gazteek ohartarazi dute ez dela konponbiderik izango "euskal preso eta iheslari politiko guztiak, etxean, kalean borrokan, gurekin izan arte".
Bestalde, EPPK-k abiatutako eztabaidari babesa emateaz gain, urtarrilaren 6an Donostian eta urtarrilaren 14an Bilbon egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Atxiloaldia luzatu diete Parisen atxilotutako gazteei
Atzo Ernai eta Aitzina taldeetako hainbat kidek protestak egin zituzten Madrilen eta Parisen, espetxeen eskuduntzak dituzten erakundeen egoitzetan, "presoen aurkako salbuespen neurriak salatu eta EPPK babesteko", eta gaur Usurbilen izan dira.
Parisen atxilotutako Aitzinako zazpi gazteei atxiloaldia luzatu diete, Aitzina erakundeak haren Twitter kontuan jakinarazi duenez. Halaber, atzo bezala, elkarretaratzea egingo dute 19:30ean Baionako herriko etxearen aurrean, atxilotuak aska ditzatela eskatzeko.
Bien bitartean, Madrilen protesta egin zuten zortzi gaztea aske gelditu ziren atzo, identifikatuak izan ostean.