Politika -
Ekitaldi instituzionala
Zinegotziek "armarik gabeko" bakea eskatu dute Legebiltzarrean
Gasteizko Ganberak omenaldia egin die ETAk, Galek eta Batallon Vasco-Españolek eraildako 25 zinegotziei. Bertan izan dira alderdi guztietako ordezkariak, ANVkoak izan ezik.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak omenaldia egin die eraildako 25 euskal zinegotziei, eta bertan izan dira alderdi politiko guztietako ordezkariak, ANVkoak izan ezik. "Armen aginterik gabeko" bakea eta "diktadura ezarri nahi dutenak" kanpoan utziko dituen demokrazia bat eskatu dute.
Ekitaldian izan da Patxi Lopez lehendakaria, eta Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak hartu du hitza lehenik eta horren atzetik Jokin Bildarratz Eudeleko presidenteak hitz egin du, EAEko udalen ordezkari gisa. Dena dela, alderdi politikoetako zinegotziek adierazpen bat irakurri dute euskal zinegotzien omenez, eta "GALen, Batallon Vasco-Españolen eta beste talde batzuen biktimen sakrifizioa" eta "ETAren indarkeriaren biktima izan direnak eta oraindik izaten jarraitzen dutenak" izan dituzte gogoan.
Eraildako 25 zinegotzi
Eraildako 25 euskal zinegotzi omendu dituzte, Tomas Alba 1979an Batallon Vasco-Españolek hil zuen Astigarragako zinegotzia eta Santiago Brouard GALek hildako Bilboko alkateordea besteak beste. Gainerakoak, 23, ETAren biktimak dira, Antonio Echevarria 1975ean hildako Oiartzungo alkatetik hasita, Isaias Carrasco 2008an hildako Arrasateko zinegotzia arte. Era berean, denen omenez egindako dokumental bat jarri dute.
Omenaldia 11:00etan hasi da Quirogaren hasierako hitzekin eta Legebiltzarreko Mahaiaren agurrarekin. Quirogak azpimarratu du "ez dela nahikoa terrorismoaren inguruko gaitzespenak egitea; indarkeria politikan erabiltzea errefusatu behar da, iraganean, orainaldian eta etorkizunean gaitzestea".
Hori dela eta, "egungo gaixotasuna ETA" dela esan du, "eta hori da erabat kendu behar dugun birusa", beraz, "adierazpen hutsalak ez dira nahikoa", zeren gaitzespena ematen denean "argia eta irmoa" izan behar baita.
Zinegotzien adierazpena
Gero Jokin Bildarratzek hitz egin du, eta horren atzetik adierazpen bat irakurri dute Loly de Juan (PSE-EE) Basauriko alkateak, Jon Urien (H1!) Zarauzko alkateak, Irune Berasaluze (EAJ) Mendaroko alkateak, Jose Navas (EB) Gasteizko zinegotziak, Iciar Lamarain (PP) Arrasateko zinegotziak, Pablo Isasi (EA) Amurriko alkateak eta Dani Maeztu (Aralar) Durangoko zinegotziak.
"Herritarren botoekin ordezkari zilegi den norbaiten kontra atentatua egitea oso larria da, eta are larriagoa da herritarren borondatearen kontra doalako eta, ondorioz, euskal gizartearen aniztasunaren aurka doalako", adierazpenean azaldu dutenez.
Hori horrela, "demokraziaren oinarrizko arauak errespetatzen dituzten eta gorrotoarekin eta bazterkeriarekin jokatzen ez dutenen gizarte bakezale baten" aldeko apustua egin dute.
"Etorkizunarekin konfiantza eta esperantza dugula erakutsi nahi dugu gaur hemen, armaren aginterik gabeko etorkizun batean sinesten dugu", azpimarratu dute.
ANVk ez du parte hartu
Legebiltzarraren aginduz, ANVko zinegotziek ere ekitaldian parte hartzeko gonbitea jaso zuten, baina Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak aurreratu zuen moduan, ez dute parte hartu nahi izan.
Ekitaldiarekin, 2009ko abenduaren 4an, Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran adostutakoa bete dute.