Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Itxaso Atutxa: 'Juridikoki ezin dira damua eta salaketa eskatu'

Buruzagi jeltzalearen esanetan, gizarte zibilak eginkizun garrantzitsua izan behar du ETAren armagabetze prozesuan.

Itxaso Atutxa. Artxiboko argazkia: EiTB
Itxaso Atutxa. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Hiltzea gaizki egon zela aitortzeko" eskatu die Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak ETAri eta ezker abertzaleari. Hala ere, horren esanetan, presoei juridikoki ezin zaizkie damua eta salaketa eskatu espetxe onurak eskuratzeko.

"Espainiako legediak ez du ez bata ez bestea jasotzen", adierazi du. Hori dela eta, espetxeetako erakundeak eta epaileak hori eskatzeko bezain zorrotzak ez izatea espero du Atutxak, hori eskatzeko oinarri juridikorik ez dutela argudiatuta.

Itxaso Atutxaren esanetan, ETAren armagabetzearen auzian gizarte zibila alderdi politikoen alboan egotea garrantzitsua da. Dena den, ez du uste norbanakoek, norbere izenean parte hartu behar dutenik, eta Luhusuko kasua jarri du adibide gisa.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, gizarte zibilak eginkizun garrantzitsua izan behar du ETAren armagabetze prozesuan, zehazki, akonpainamendu lanetan.

"EAJk, lehendakariaren bitartez, eta Eusko Jaurlaritzak Armagabetze Plana proposatu zioten ETAri, eta bide horrek atea irekita uzten zuen gizarte zibilak parte hartzeko", azaldu du du. Gaineratu duenez, gizarte zibilaren akonpainamendua garrantzitsua izango da Foro Sozialak gidatutako gizarte mugimenduen bitartez.

"Beste kontu bat da, gerora, teknikoki norbaitek egiaztatu beharko duela, nazioarteko egiaztatzaileez harago", azpimarratu du. Izan ere, ETAk aitortzen baditu ere, Espainiako Gobernuak ez du nazioarteko kide horien parte-hartzea onartzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Presoak albisteak ETA Eguneko albisteak