Politika -

Maiatzeko datuak

Euskobarometroa: Eusko Jaurlaritzak huts egin du krisiaren aurrean

% 63a ez dago ados PSE-PPren akordioarekin eta % 29ak uste du egungo Eusko Jaurlaritzaren terrorismoaren aurkako politika Ibarretxerena baino eraginkorragoa dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

10 euskaldunetako 7k uste dute PPk babestutako Gobernu sozialistak krisiaren aurrean ezer gutxi egiten duela eta EAEko arazoak nagusiak konpontzeko beraien gaitasuna zalantzan jartzen dute %57k, gaur argitaratutako Euskobarometroaren ikerketaren arabera.

2010eko maiatzeko EHUren inkestak ezagutzera eman du herritarren % 63a ez dagoela ados PSE-PPren akordioarekin -aurreko azaroko inkestan baino bi puntu gutxiago-, eta % 19a, berriz, horrekin ados dago (puntu bat gehiago).

Egungo Eusko Jaurlaritzaren terrorismoaren aurkako politika Ibarretxerena baino eraginkorragoa dela uste dutenen kopuruak gora egin du. Hain zuzen, % 29a sozialisten jardunaren aldekoak diren bitartean, % 21ek Ibarretxerena nahiago dute.

Horrez gain, enplegua ( % 52) eta egoera ekonomikoa (% 20) dira EAEko hiritarren ardura nagusiak.

Indarkeriarekiko ardura amildu da

Francisco Llera, Euskobarometroko zuzendariak azaldu duenez, indarkeriaren arazoaren egoera aldatu denez, baikortasun giroa nagusi da ( % 60) eta horrenbestez, politikari buruz hitz egiteko edo parte hartzeko askatasunaren sentimenduak hobera egin du. Horrela, "azken bi urteetako joera ezkorra amaitu" dela gaineratu du.

Horren karietara, indarkeria terroristarekiko ardura % 2ra amildu dela azpimarratu du Llerak.

EAJren oposizioa

Bestalde, EAJk oposizioan egindako lanaren balorazioari dagokionez, % 26k positibotzat jo du, % 35ek negatibotzat eta % 31k jarrera neutroa azaldu du.

Klase politikoak ez du gainditzen

Buruzagi politikoen balorazioari dagokionez, barometroak politikari ezagunen eta gutxiago ezagutzen direnen artean ezberdindu egiten du. Aintzane Ezenarro parlamentaria gainditzen duen bakarra da (5), nahiz eta gutxiago ezagutzen direnen artean izan.

Gertu ditu Mikel Arana (4,6) eta Patxi Zabaleta (4,4), baina omen oso txikia dute biek (% 28 eta % 59 hurrenez hurren), Joseba Egibar (4,3), Iñigo Urkullu (4,3), Patxi Lopez lehendakaria (4), Peio Urizar (3,9), Cayo Lara (3,8), Alfredo Perez Rubalcaba (3,6), Rodolfo Ares (3,6) eta Jose Luis Rodriguez Zapatero (3,1).

Sailkapeneko azken tokietan Arnaldo Otegi (3), Antonio Basagoiti (2,8), Arantza Quiroga (2,7), Rosa Diez (2,6) eta Mariano Rajoy (1,8).

Nahiz eta Euskadin Gobernua aldatu, klima politikoan "hobekuntza zantzu argirik" ez dagoela uste du euskal iritzi publikoak. Eszeptizismo eta ezkortasuna nagusi dira euskal egoera politikoa definitzeko orduan, 10 euskal herritarretik 9k hori azaldu baitute..

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea