Politika -
Elkarrizketa
Urkulluk esan du Rajoyk bilera egiteko borondatea erakutsi diola
Espainiako Gobernuko presidenteari bidalitako gutunaren erantzuna jaso duela baieztatu du lehendakariak.
eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, abenduaren 29an jaso zuen Mariano Rajoyri bidalitako gutunaren erantzuna. Espainiako Gobernuko presidentea lehendakariarekin biltzeko prest agertu dela esan du Urkulluk.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan eman dituen azalpenen arabera, hori erantzun dio Rajoyk bilera egiteko asmoa erakutsiz eta urtarrilaren 17an egingo duten presidenteen batzarrean ez duela parte hartuko azalduz bidalitako eskutitzari.
Horrez gain, lehendakariak gutunean azaldutako arrazoiak ulertu dituela adierazi dio Espainiako Gobernuko presidenteak, eta beharrezkotzat jo du "bien arteko bilera".
Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko harremanak hobetu diren galdetuta, "aurreko legegintzaldiko ildo beretik jarraitzen dute", erantzun du Urkulluk, baina lehendakariak eta sailburuek harreman horiek hobetzeko borondate irmoa dutela gaineratu du.