Politika -
PPren Kongresua
PPko presidentea primario bidez aukeratzea proposatu du Cifuentesek
Madrilgo Erkidegoko presidenteak 'militante bat, boto bat' formula erabiltzea nahi du. PPren kongresua otsailaren 10etik 12ra bitartean egingo da, Madrilen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoko presidente eta Madrilgo Alderdi Popularreko (PP) buruak alderdiko presidentea hauteskunde primario bidez aukeratzea proposatu du, "militante bat, boto bat" formula erabilita.
Fernando Martinez-Maillo PPko Antolakuntza idazkariordeak egindako proposamenaren arabera, alderdiko eta lurraldeetako buruzagiak aukeratzeko hauteskundeak bi itzulitan egingo lirateke. Lehen itzulian, militanteek bozkatuko lukete, botoen % 10 jasotzen duten hautagaiak bigarren itzulira igaroko lirateke eta alderdiko ordezkariek aukeratuko lukete bertan. Bigarren itzuli horretan ere, presidentea militanteek aukeratzea proposatzen du Cifuentesek.
Madrilgo Alderdi Popularrak beste autonomia erkidegoetako zuzendaritzen babesa lortu nahi du, PPk otsailaren 10etik 12ra bitartean Madrilen egingo duen kongresuari begira. Isabel Bonigek gidatzen duen Valentziako Alderdi Popularra ere, hauteskunde primarioak egitearen aldekoa da.
Angel Garrido Madrilgo Erkidegoko Presidentzia kontseilari eta Madrilgo PPko Hauteskunde Batzordeko presidenteak bi itzuliko hauteskunde primarioen formula aldarrikatu du. Haren esanetan, bigarren itzulian ere, militanteek presidentea aukeratzeko botoa eman ahal izatea da "logikoena eta zentzuzkoena". Hori dela eta, zuzenketa hori egingo du alderdiaren kongresuan.
Madrilgo PPren esanetan, militanteek ahalik eta protagonismo handiena izatea eta buruzagiak aukeratzerakoan militanteek erabakitzeko gaitasuna izatea da kontua.