Politika -
Estatu Islamikoa
Donostian atxilotutako ustezko jihadista kartzelara bidali du epaileak
Auzitegi Nazionaleko epaileak hiru delitu leporatu dizkio gazteari: terrorismoa goratzea, bere burua doktrinatzea eta ekintza terroristekin kolaboratzea.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Jose de la Mata epaileak behin-behineko kartzela-zigorra ezarri dio Donostian atxilotutako ustezko jihadistari. Iturri juridikoek asteazken honetan jakinarazi dutenez, epaileak hiru delitu leporatu dizkio gazteari: terrorismoa goratzea, bere burua doktrinatzea eta ekintza terroristekin kolaboratzea.
26 urteko gizona, jatorriz marokoarra, astelehenean atxilotu zuten, atzerrian kideak erakarri eta Turkiara bidaltzea leporatuta. Espainiako Polizia Nazionalaren arabera, Estatu Islamikoaren aginduak jasotzen zituzten, ondoren, Europara itzuli eta ekintza terroristak egiteko.
Donostian atxilotutako gaztea, Intxaurrondo auzoan alokatutako etxe bateko logela batean bizi zen. Boxeo-irakaslea zela aprobetxatuta, gazteengana hurbiltzen zen, beraien konfiantza bereganatzeko asmoz. Ikasle gehienak atzerritarrak ziren, eta gizarteratzeko lanean ari ziren.
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, atxilotuak boxeo-irakaslea zela baliatzen zuen bazterketa arriskuan dauden gazteen konfiantza bereganatzeko eta bere ideiak sinetsarazteko.
Antza denez, 2010. urtetik zegoen Estatu Islamikoarekin harremanetan, eta atzerriko kideak erakarri ostean, Turkiara bidaltzeko ardura zuen. Halaber, sare sozialak erabiltzen zituen maiz, bereziki Estatu Islamikoarekin lotutako edukiak zabaltzeko.