Politika -
EBko Presidentetza espainiarra
Batasun ekonomikoan 'aurrerapausoak' eman dituztela esan du Zapaterok
Espainiako gobernuburuak agerraldia egin du Europako Parlamentuan, EBko Presidentetza espainiarren balantzea egiteko. Durao Barrosok "oso positibo"tzat jo du Zapateroren lana.
Erredakzioa
Espainia Europar Batasuneko Presidentetzan egon den bitartean, Europako Batasun ekonomikoaren bidean "funtsezko aurrerapausoak" eman dituztela adierazi du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak.
Zapaterok agerraldia egin du Europako Parlamentuan, bukatu berri den Presidentetza espainiarraren balantzea egiteko. Bere esanetan, urtarrilean bi helburu nagusi oinarri hartuta hasi zuen Presidentetza: Lisboako Ituna abiatzea eta krisiari aurre egitea susperraldiaren oinarriak ezartzeko. Gobernuburuak iritzi dio politika bateratuak ezartzeko behartuta zeudela krisiaren ondorioz, eta seihileko honetan emaitza inportanteak lortu dituztela.
Horren erakusle, Zapaterok honakoak aipatu ditu: Greziaren erreskatea, finantza egonkortasunerako sistemaren sorkuntza eta hurrengo hamarkadako helburu ekonomikoak ezarri izana.
Gobernuko presidenteak Egonkortasun eta Hazkunde Itunarekin zorrotzagoak izateko akordioa ere txalotu du, eta une hartan Alemania aurka agertu bazen ere, isunak ezartzea proposatu zuen lehena espainiar Presidentetza izan zela gogorarazi du.
Batzordeak "positibo"tzat jo du Presidentetza
Bere aldetik, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak txalotu egin du Espainiaren lana, eta testuingurua "oso zaila" izan bada ere, haren Presidentetza "oso positiboa" izan dela iritzi dio.
Zapaterok Europarekin eta "eredu komunitarioarekin" izan duen "konpromisoa" ere nabarmendu du Durao Barrosok.
Europako Batzordeko presidentearen ustez, konpromiso hori "funtsezkoa" izan da seihilekoaren erronkei aurre egiteko.
Lorpenen artean, euroaren krisiari aurre egiteko lortutako akordioak, finantza merkatua zorrotzago behatzeko bidean egindako aurrerapausoak eta Latinoamerikarekin harremanak hobetu izana aipatu ditu.