Politika -
Elkarrizketa
EAJren 'jarrera-aldaketak' kontuak adostea erraz dezakeela dio Alonsok
EAJk eta PSEk osatutako koalizio-gobernuari boto bakarra falta zaio gehiengo parlamentarioa lortzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan "aldaketa" egon dela uste du, eta horrek Euskadiko aurrekontuak babesteko PPrekin akordioa erraz dezakeela.
EAJk eta PSEk osatutako koalizio-gobernuari boto bakarra falta zaio gehiengo parlamentarioa lortzeko, eta Alonsok EFEri emandako elkarrizketa batean esan duenez, PPk aukera hori emango dio. Alonsoren arabera, Urkulluk aukeratu egin behar du norekin egin nahi duen ituna, Podemosekin edo EH Bildurekin: "Ez da gauza bera PPrekin edo EH Bildurekin akordioa hitzartzea, proiektu baterazinak baitira".
Alonsok lehendakariak diskurtsoa aldatu duela dio, "eredu sozialaren iraunkortasunari eta lanaren lehentasunari" buruz hitz egiten duenean, eta "lehiakorragoak izateko zabalkundearen aldeko jarrera" erakusten duenean. "Askoz ere hitzaldi pragmatikoagoa eta errealistagoa egin nahi duela dirudi", Alonsoren aburuz.
Bestalde, Euskadiren gaitasun fiskala baliatzea defendatu du PPk, enpleguan oinarritutako jarduerak bultzatuko dituen politikak garatzeko. Horrez gain, "Kontzertu Ekonomikoa eduki arren, gure aukeren gainetik bizi garela" azpimarratu du Alonsok; beraz, politika fiskal arduratsua behar dela.
Espainiako estatuko aurrekontuak
Estatu espainiarreko aurrekontuei dagokienez, Euskadiko PPren agintariak azaldu du EAJk "arduratsu jokatu" behar duela, "Gobernuko alderdia" den heinean. Izan ere, "guztion interesa da aurrekontuak onartzea, baita EAJrena ere".
Elkarrizketan baieztatu duenez, "elkarrizketa-bide berria" abiatu dute popularrek eta jeltzaleek, akordio berriak ahalbidetu dituen "harreman berria", hain zuzen.