Politika -
Aurrekontuak, luzatuta
Konfiantza-galdea aurkeztuko du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak
Legeak jasotzen duen mekanismo hau erabilita, osoko bilkurak atzera botatako aurrekontuak automatikoki onartu ahalko dira. Urtanen aburuz, Gasteiz "geldituta" dago.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko 2017rako aurrekontuak atakan dauden honetan, konfiantza-galdea aurkeztea erabaki du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak (EAJ). Jeltzaleek eta sozialistek osatutako udal gobernuak ez du kontuak aurrera ateratzeko nahikoa babes (27 zinegotzitik 9), oposizioak bizkar eman zion joan den astean. "Blokeo egoera hori gainditzeko" udalbatzaren konfiantza eskatuko du Urtaranek.
Gasteizen ez da inoiz halako formularik erabili. Aurrekontuak onartzeko Hauteskunde Erregimenaren Legeak jasotako bidea da konfiantza-galdea. Horren arabera, alkate batek udalbatzari konfiantza-galdea egin diezaioke osoko bilkurak aurrekontu proiektua baztertzen badu. Oposizioak hilabeteko epea du alkategai adostu bat aurkezteko; hori lortu ezean, kontuak automatikoki onartuko dira.
Ada Colau Bartzelonako alkateak berak bide hau erabili du berriki ?urtarrilaren 25ean onartu ziren kontuak?. Odon Elorza Donostiako alkate zenean ere, birritan erabili zuen.
Urtaranek prentsaurrekoa eskaini du goizean, Peio Lopez de Munain sozialista ondoan zuela. Iragarri duenez, gaur bertan deituko du osoko bilkura, eta dena ondo bidean, "bizpahiru" egunetan, ostiralarekin, egingo dute.
Alkateak azaldu duenez, aurrekontuak luzatuta, hiria "geldituta" dago, eta "beharrezko" dituen proiektuak martxan jartzeko beste biderik ez du.
"Elkarrizketa eta akordioa"
Gasteizko alkatearen hitzetan, emandako pausoa "elkarrizketarako aukera berri bat da, blokeo egoera gainditzeko modu bat", bideak dituen "arriskuak" kontuan hartzen dituen arren.
Iragarri duenez, udal talde guztiekin bilera sorta deituko du, eta denei "elkarrizketa eta akordioa" eskaini dizkie. "Eskua luzatuta dut", erantsi du.
EAJk eta PSE-EEk gutxiengoan osatu zuten udal gobernua (9 zinegotzi). PPk 9 ditu; EH Bilduk, 6; Podemosek, 2; eta Irabazik, 1.
Erreakzioak
Alderdi eta politikarien balorazioak bata bestearen atzetik heldu dira. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua izan da hitz egiten lehenetarikoa. Nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "erakundeen egonkortasunaren alde" egiten du, eta egonkortasun hori aurrekontuak onartuta lortzen da, hein batean. Hori horrela, eledunarentzat "positiboa" da Urtaranek "egonkortasunaren aldeko bidean aurrera egitea".
Gasteizko udal taldeen artean, PPk, Irabazik eta Podemosek eman dute iritzia. EH Bilduk asteazkenerako deitu ditu hedabideak.
Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak Twitter erabili du Urtaranen erabakia kritikatzeko. Bere hitzetan, konfiantza-galdeak "agerian uzten du Urtaranen ahultasun politikoa eta erantzukizun falta", eta "Gasteiz aurretik ezagutu bako krisi baten atarian uzten du".
Oscar Fernandez Irabaziko zinegotziak ere ez du begi onez ikusi Urtaranen iragarpena. "Porrot politikotzat" jo du eta, udal gobernuari "dagokion erantzukizuna" hartzeko deia egin dio.
Podemosen aburuz, "aurrekontuak ez betetzeak Urtaranen udal gobernuan eragindako konfiantza hausturak ekarri duen ondorio" da konfiantza-galdea. Dena dela, "adostasuna berreskuratzeko eta zentzutasunez jokatzeko aukera berria ere" bada, Podemosen ustez.