Politika -

2017ko Aurrekontuak

2016ko Aurrekontuak luzatuko ditu Gasteizko Udalak

Gaurko osoko bilkuran egindako bozketan, oposizioak atzera bota du EAJk eta PSE-EEk osatutako Gobernu koalizioak 2017rako aurkeztutako aurrekontu proiektua.

Gasteizko Udalbatzak 2017ko aurrekontu proiektua Argazkia: EiTB
Aurreko urteko aurrekontuak luzatu beharko dituzte Gasteizen

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaleko osoko bilkurak atzera bota du 2017rako aurrekontu proiektuak eta, hori dela eta, EAJk eta PSE-EEk osatutako Gobernu koalizioak 2016ko Aurrekontuak luzatu beharko ditu.

Aurreikusi bezala, Gobernua osatzen duten EAJko eta PSE-EEko bederatzi zinegotziek bakarrik babestu dute aurrekontu proiektua; izan ere, PPk eta EH Bilduk kontrako botoa eman dute eta Euskadiko Ahal Duguko bi zinegotziek eta Irabaziko zinegotzi bakarrak, berriz, abstentziora jo dute.

Azken bi alderdi horiek aste honetan iragarri bezala, abstenitu egin dira gaurko bozketan. Gorka Urtaran alkateak ez du Aurrekontuak aurrera ateratzeko babes nahikorik lortu eta, beraz, iazkoak luzatu beharko ditu.

EH Bilduk eta EAJk bata besteari leporatu diote Aurrekontuak luzatu behar izatea eta bi taldeetako kideak elkarri mokoka aritu dira.

Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko udal taldeko bozeramaileak eta Gorka Urtaran alkate jeltzaleak, esaterako, eztabaida gogorra izan dute. Larrionen esanetan, Gobernuak aldaketaren alde lan egiten ez duelako eman du kontrako botoa koalizio abertzaleak. Ildo horretan, aldaketaren aldeko apustua egiteko eskatu dio EH Bilduren babesa eta gehiengoa izan nahi badu.

Itziar Gozalo Ogasun zinegotziaren esanetan, ostera, EH Bilduren botoa Udal Gobernua higatzeko "estrategia politikoaren" baita kokatu behar da.

Duela urtebete, Gasteizko Udal Gobernuak 2016ko Aurrekontuak aurrera atera zituen EH Bilduren, Ahal Duguren eta Irabaziren babesarekin, "hirian aldaketa bultzatzeko".

Gasteiz izango da Aurrekontu berriak izango ez dituen Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu bakarra, Bilbok eta Donostiak abenduan onartu zituzten-eta 2017ko Aurrekontuak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Berriak Politika Alderdi politikoak berriak Gasteiz Eguneko albisteak