Politika -
Eusko Jaurlaritza
Guardia zibilen eta polizien kopurua murriztea defendatu du Erkorekak
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak etsigarritzat jo du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak guardia zibil gehiago behar direla esan izana.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatuko Segurtasun Indarren kopurua egokitzea "beharrezkoa eta ezinbestekoa" dela ohartarazi dio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariari. Are gehiago, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragarri eta bost urte pasatxora, "berehala" egin beharreko zerbait dela gaineratu du.
Gobernu bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Erkorekak etsigarritzat jo du Javier de Andresek Eusko Legebiltzarrak behin eta berriro egindako planteamenduari entzungor egitea, Gernikako Estatutuak Ertzaintzari ematen dion posizio instituzionalari jaramonik ez egitea eta Gernikako Estatutuaren mandatua ez ezagutzea.
Erkorekak horrela erantzun dio Javier de Andresek atzo esandakoari; izan ere, Euskadin guardia zibil gehiago behar direla aldarrikatu zuen.
Josu Erkorekaren esanetan, EAEko herritarrak eta ondasunak babestea eta ordena publikoa bermatzea Ertzaintzari dagokio eta EAEtik gaindiko funtzio polizialak, berriz, Estatuko Segurtasun Indarrenak dira.
Beraz, Espainiako Gobernuko EAEko Ordezkaritzak Gernikako Estatutua berriz irakurtzea "komenigarria" litzatekeela uste du Erkorekak. Gainera, Segurtasun Batzordearen bilera bat eskatu du Estatuko Segurtasun Indarren egokitzapena aztertzeko.
Euskadiko agenteen kopurua "nahikoa" dela uste du Calparsorok
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak gaur adierazi duenez, ez daki Euskal Autonomia Erkidegoan zenbat agente behar diren. Dena den, bere eguneroko lanean ez duela gabeziarik antzeman azpimarratu du; izan ere, haren esku egon izan diren kasuetan ez omen da inoiz polizia faltarik izan.
Calparsororen esanetan, "zoritxarrez" polizia agente asko behar izan dira hainbat urtean, "ikertu beharreko terrorismo ekintza eta babesteko biktima asko zeudelako". Hala ere, ETAren jarduera armatua ez dagoen heinean agenteen kopurua murriztu egin beharko litzatekeela uste du.