Politika -
Gürtel auzia
Ana Mato: 'Opariak nire senar ohiari egin zizkioten, ez niri'
Ana Mato Espainiako Gobernuko Osasun ministro ohiak Gürtel auziaren makroepaiketan deklaratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Ana Mato Espainiako Gobernuko Osasun ministro ohiak azaldu duenez, berak eta Jesus Sepulveda senar ohiak familiaren gastuak partekatu zituzten, eta senarrak ordaintzen zituen familiaren ospakizunak eta bidaiak. Beraz, Gürtel tramak egindako opariak Sepulvedari egin zizkiotela azpimarratu du, ez berari.
Tramaren irabaziak jaso izana egotzita deklaratzen ari da Mato Gürtel auziaren makroepaiketan. Berak eta bere senar ohiak familiaren gastuak elkarbanatzen zituztela azaldu du, eta bakoitza gastu jakin batzuez arduratzen zela. Hortaz, onartu du ez zekiela gastu horiek Jesus Sepulveda senar ohiak edo beste norbaitek ordaintzen zituen.
"Umeen ospakizunak eta familiaren bidaiak ordaintzeaz Sepulveda jauna arduratzen zen", esan du; beraz, "norbaitek zeozer oparitu bazion, berari oparitu zioten". Fiskaltzak 28.468 euro eskatzen dizkio Matori, familiaren ospakizunetan eta bidaietan tramaren dirua jasotzeagatik.
Hala, argi utzi nahi izan du gastu horiek guztiak familiaren ospakizunetako eta bidaietako gastuak bere senar ohiak ordaintzen zituela. Halaber, behin eta berriz adierazi du ez zuela Sepulvedaren kontuen eta soldataren berri, ekonomikoki independenteak zirelako.
"Soldata ona zuela pentsatzen dut. Ez nion inoiz galdetu", onartu du. Irabazpidezko ondasunen erregimena adostu zuten ezkondu zirenean, eta 2005ean banandu ziren.