Politika -

Auzitegi Nazionala

Bilboko ustezko jihadistak gaur deklaratuko du epailearen aurrean

Halaber, jihadismoa leporatuta Las Palmasen asteartean atxilotutako gizonezkoa ere gaur igaroko da epailearen aurrera.

Astearteko polizia operazioan gizonezko bat atxilotu zuten Bilbon. Argazkia: EFE
Astearteko polizia operazioan gizonezko bat atxilotu zuten Bilbon. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean jihadismoaren aurkako polizia operazio batean Bilbon eta Las Palmasen atxilotutako bi gizonezkoek gaur deklaratuko dute Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aurrean.

Guardia Zibilak 44 urteko aljeriar bat, S.M., atxilotu zuen asteartean Bilbon, Estatu Islamikoaren (ISIS) propaganda zabaltzea, jarraitzaileak doktrinatzea eta terrorismoa goratzea leporatuta.

Barne Ministerioaren arabera, aurretik ere izan du harremanik muturreko taldeekin. Al Kaedaren alde dirua biltzeko eta talde terroristari babes logistikoa emateko jardunetan nahasita egon omen zen, horren esanetan. "Azken hilabeteetan, gainera, are gehiago erradikalizatu da", eta ia ez da etxetik atera.

Azken boladan interneten aritu omen da gizona, eta Facebook sare sozialean zituen hainbat profilen bitartez ISISek egindako propaganda zabaltzea egotzi diote. Partekatutako eduki batzuk "oso bortitzak" ziren, Ministerioaren arabera. Sarera konektatzeko segurtasun neurri zorrotzak erabiltzen omen zituen, eta horrek esan nahi omen du ISISen ekoizpen mediatikoa zabaltzeko sareak ondo ezagutzen dituela, betiere ikerketaren arduradunen hitzetan.

Atxilo hartutako gizonak Facebooken dituen lagunen artean, droga trafikoarekin lotutako gaizkileak eta EBn terrorismoagatik ikertutako pertsonak omen daude.

Bestalde, Espainiako Poliziak 33 urteko gizonezko marokoar bat atxilotu zuen asteartean Las Palmasen. Antza denez, atxilotuak atentaturen bat egiteko asmoa adierazi zuen, nahiz eta ez zuen plan zehatzik prestatu. Atxilotua egoera irregularrean bizi da eta Polizia 2012tik ari zen gizona ikertzen, ustezko jarduera jihadistagatik eta atentatu terrorista bat egiteko balizko arriskuagatik.

Espainiako Barne Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera, atxilotuak "fundamentalisten estetika" zuen eta bere ingurukoei islamera bihurtzea eta islamari dagozkion ohiturak hartzea inposatu zien.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika albisteak Bilboko albisteak Estatu Islamikoa Jihadismoa albisteak Eguneko albisteak