Politika -

Noos auzia

Gaur ezagutuko da Cristina infanta eta Urdangarinen gaineko ebazpena

12:00ak aldera jakingo dute 17 akusatuek absolbitu edo zigortu dituzten. Hala ere, aldeek epaiaren kontrako helegitea aurkeztu ahal izango dute.

Cristina infanta eta Iñaki Urdangarin. Artxiboko argazkia: EFE
Palmako Auzitegiak ostiral eguerdian jakinaraziko du Noos auziko epaia

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palmako Auzitegiak gaur, ostirala, eguerdian jakinaraziko du Noos auziko epaia, eta orduan jakingo da Cristina infanta, haren senar Iñaki Urdangarin eta gainerako 15 akusatuak absolbitu edo zigortu dituen.

Epaiketa hasi eta urtebete pasatxora ezagutuko da auzibidearen amaiera. Dena den, epaia ez da irmoa izango aldeek helegitea aurkezteko aukera izango baitute.

Balear Uharteetako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, 12:00etan jakinaraziko zaie epaia aldeei Lexnet sistema telematikoaren bidez, eta Palmako Auzitegiaren egoitzan emango dute epai osoaren berri.

Manos Limpias sindikatuak 26 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Iñaki Urdangarinentzat eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak, berriz, 19 urte eta sei hilabeteko zigor eskaera egin du. Influentzia trafikoa, dirua bidegabe erabiltzea, prebarikazioa, iruzurra, faltsukeria, Ogasunaren kontrako bi delitu eta dirua zuritzea leporatzen diote.

Cristina infantaren kasuan, Manos Limpias sindikatua izan da akusazioa aurkeztu duen bakarra, eta 8 urteko kartzela zigorra eskatu du bi delitu fiskal egotzita. Fiskaltzak, berriz, 587.413 euro irabaztea leporatu dio.

Fiskaltzak 16 urte eta sei hilabeteko zigor eskaera egin du Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohiarentzat, eta Mano Limpias sindikatuak 22 urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu du. Prebarikazioa, iruzurra, influentzia trafikoa, dirua bidegabe erabiltzea, Ogasunaren kontrako delitua, faltsukeria, maula, faltsutzea eta dirua zuritzea leporatzen diote.

Bestalde, Fiskaltzak 5 urteko kartzela zigorra eskatu du Jaume Matas Balear Uharteetako Gobernuko presidente ohi eta Espainiako Ingurumen ministro ohiarentzat, dirua bidegabe erabiltzea, faltsutzea eta iruzurra leporatuta. Manos Limpias sindikatuak 11 urteko zigorra eskatu du horrentzat.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Cristina infanta albisteak Politika albisteak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Ustelkeria politikoa Gaurko azken ordukoa