Politika -
Auzitegi Gorena
Gorenak berretsi egin du Gogeaskoetxeari ezarritako 26 urteko zigorra
Durangoko orube batean lehergailu bat jartzea egotzita zigortu zuten ETAko buruzagi ohia. Lehergailuak ez zuen eztanda egin, akatsa zuelako.
Agentzak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak berretsi egin du Eneko Gogeaskoetxea ETAko buruzagi ohiari ezarritako 26 urteko espetxealdia. Durangoko orube batean lehergailu-tranpa bat jartzea leporatuta zigortu zuen Auzitegi Nazionalak. Akats baten ondorioz lehergailuak ez zuen eztanda egin.
Gogeaskoetxeak bonbaz ohartaraziz abisua eman zuen arren, Gorenak baztertu egin du haren zigorra murriztea, lehergailua indargabetzeko bere eskuetan zegoen guztia egin ez zuela argudiatuta.
Ildo horretan, ebazpenak dio gertakariaren tokira bertaratuta, lehergailua berak indargabetu behar zuela, baina ez zuela horrelakorik egin. Era berean, Gorenak dio ez dela nahikoa abisua ematearekin, lehergailua nola indargabetu daitekeen azaldu behar zuela eta lehertuz gero ondorioak zeintzuk izan zitezkeen ohartarazi.
Auzitegi Nazionalak joan den uztailean epaitu zuen Gogeaskoetxea eta 26 urteko kartzela-zigorra ezarri zion. Epaiak dio 1997an Durangoko orube batean jarritako lehergailuaren helburua hura indargabetzera bertaratzen ziren ertzainak hiltzea zela.
Eneko Gogeaskoetxeari 92 urteko beste kartzela-zigor bat ezarri zioten, Juan Carlos I.ena Erregearen kontrako atentatu batean ertzain bat hiltzea egotzita.