Politika -

2017ko aurrekontuak

Aurrekontuen % 76 gizarte gastuetara bideratuko du Eusko Jaurlaritzak

Horrela jakinarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak Legebiltzarreko kontrol saioan, Alfonso Alonsok (PP) egindako galdera bati erantzunez.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria, Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria, Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak 2017rako prestatu dituen aurrekontuen % 76 gizarte gastuetara bideratuko du. Aldi berean, PPk egindako eskaintza bere egin du, hau da, enplegua sortzeko xedea duten kontu errealistak "aztertzea".

Urkulluk aurrekontuak izan ditu hizpide Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Alfonso Alonso EAEko Alderdi Popularreko presidenteak egindako galdera bati erantzun dionean.

Lehendakariak gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzak datorren asteartean onartuko ditu 2017ko aurrekontuak, eta, azpimarratu duenaren arabera, euskal jendarteak dituen "oinarrizko bi ardurei" erantzungo die: pertsonen "funtsezko" beharrizanak bermatzea eta kalitatezko enplegu aukerak sortuko dituen hazkunde "iraunkorra" ahalbidetzea.

Horren harira, aurrekontuen % 76 gizarte gastuetara zuzenduko dela nabarmendu du, eta osasunak, hezkuntzak eta babes sozialak baliabide gehiago izango dituztela.

"Proiektuak zorroztasun- eta errealismo-irizpideak errespetatuko ditu, arduratsua izango da eta honako beste hauek beteko ditu: aurrekontu-egonkortasuna, finantza-iraunkortasuna, defizita, zorra eta gastu-araudia", argitu du lehendakariak.

Bere aldetik, Alfonso Alonsok adierazi du bere alderdia aurrekontu horiek "arretaz" aztertzeko prest dagoela, Urkulluk "errealismoz" lan egiteko konpromisoa hartzen badu eta "enplegua sortzera zuzendutako" kontuak sustatzen baditu.

Lehendakariari ohartarazi dio EH Bildurekin aurrekontuak hitzartu nahi izanez gero, “populismoz eta antzinako aurreiritziz beteriko eredu baterantz” egingo duela aurrera.

Hartara, "bira" ematea eskatu dio, ekimen pribatua eta "enplegu-aukera errealak" bultzatze aldera, eta nabarmendu du PPk "bide hori egin nahi" duela.

"EH Bilduren aulkiei begiratzen ez badiezu, ez zara bakarrik egongo, eta Euskadi hazkundearen bidetik eramateko gehiengoa, ahalmena, aukerak eta erantzukizuna dituzu", esan dio lehendakariari.

Horren aurrean, lehendakariak erantzun dio begi onez jaso dituela bere "hitz egiteko modua eta seriotasunez lan egiteko konpromisoa", legegintzaldiko lehendabiziko urtea "krisialditik ateratzea" ekarriko duena izan dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra bideoak Ekonomia albisteak Albisteak Alfonso Alonso bideoak