Politika -
Saria
Kubako Zurizko Damek Miguel Angel Blanco saria jaso dute
Giza Eskubideen eta balio demokratikoen defentsan egindako lanagatik eta bere ausardiagatik jaso dute saria.
Erredakzioa
Zurizko Damek, Kubako senideen, disidente eta preso politikoen askatasunaren alde borroka egin duten emakumeek, Miguel Angel Blanco 2010 saria jaso dute gaur. Miguel Angel Blanco fundazioak saria ematen duen zortzigarren urtea da aurtengoa.
Marimar Blanco Fundazioako presidenteak eta ETAk hildako PPko zinegotziaren arrebak Blanca Reyesi eman dio gaur saria Madrilgo Arte Ederretako Elkartean. Giza Eskubideen eta balio demokratikoen defentsan egindako lanagatik eta bere ausardiagatik jaso dute Zurizko Damek saria.
Blancok Zurizko Damen lana nabarmendu du: "Lan heroikoa egin dute, maitasunez, duintasunez eta kemenez koldarkeriari, zitalkeriari eta gorrotoari aurre egin baitiote".
Blanca Reyes Zurizko Damen ordezkariak Europan Miguel Angel Blancoren eta Kubako emakumeen alde lan egin duten elkarteen laguntza eskertu du eta sari horrek "indar berezia" duela azpimarratu du.
ETAk 1997an Ermuko PPko zinegotzia zen Miguel Angel Blanco hil zuen eta bere oroimena gogoratu dute gaur ere, heriotzaren 13 urte betetzen direnean.
Zinegotziaren arrebaren hitzetan, "ETAk ez du eten jarduera kriminala Euskal Herrian eta mehatxu iraunkorra da gizartearentzat, baina garaipena posiblea da".