Politika -
Nafarroa
Uxue Barkosek ukatu egin du 'terroristak omendu' izana
'Irmo eta sendo' baztertu du joan den larunbatean Iruñean egindako ekitaldia terroristak omentzeko izan zenik.
Agentziak | Erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak gaur azpimarratu duenez, poliziaren zein eskuin-muturreko indarkeriaren biktimak omendu zituzten joan den otsailaren 18an Iruñean, "ez terroristak, inondik inora ere".
Nafarroako presidenteak Najeran egin ditu adierazpenok (Errioxan), Santa Maria La Real Monasterioaren Patronatuaren bilera batean. "Irmo eta sendo" baztertu du joan den larunbatean, otsailaren 18an, Iruñean egindako ekitaldia terroristak omentzeko izan zenik.
"Erreparazio-ekitaldi bat izan zen, legezkoa eta Auzitegi Konstituzionalak onartutakoa", azaldu du. Barkosen aburuz, "indarkeria erabat salatzeko urratsa izan zen ekitaldi hori". Omenaldian irakurritako agirian indarkeria salatu zuten, eta "horrek nahikoa izan beharko luke zalantzak izan ditzakeen edonorentzat", gaineratu du.
Barkosek azpimarratu duenez, "dena den, edozein kasutan, Nafarroako Gobernuak ekitaldiaren eta biktima guziten duintasunaren alde egingo du borroka, guztioi eragiten digun bakearen eraikuntzan aurrera egiteko". Ez du adierazpenik egin zenbait alderdik ekitaldian ez parte hartzea erabakitzeagatik, EAJk eta PPk, besteak beste.
Nafarroako Parlamentuak ekitaldiaren zilegitasuna defendatu du, oposizioaren babesik gabe
Nafarroako Parlamentuak Foru Gobernuak antolatutako ekitaldiaren "zilegitasuna" defendatu du, poliziaren zein eskuin-muturreko indarkeriaren biktimak oroitu eta onartzeko. UPNk eta PPk aurka bozkatu dute, eta PSN abstenitu egin da.
Gaur onartutako testuak dio 16/2015 Foru Legeak onartzen duela ekimena. Horrez gain, Auzitegi Konstituzionalak baimendutakoa dela ere berretsi du, Auzitegi Nazionalak bermatutakoa izateaz gain.
Halaber, Bozeramaileen Biltzarrak "erabat arbuiatu ditu militar talde batek Uxue Barkosi egindako irainak", eta "erabateko babesa" adierazi dio. PPN abstenitu egin da.