Politika -
Euskal soziometroa
EAJk berriz irabaziko lituzke hauteskundeak, eserleku bat gehiagorekin
Boto-asmoari buruzko azken inkestaren arabera, EAJk 29 legebiltzarkide izango lituzke; EH Bilduk, 18; Elkarrekin Podemosek, 10; eta PSE-EEk eta PPk, 9na.
eitb.eus
Euzko Alderdi Jeltzaleak 29 eserleku lortuko lituzke Eusko Legebiltzarrean, euskal hauteskundeak gaur egingo balira, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken soziometroaren arabera.
Hala, EAJk berriro irabaziko luke, baina 2016ko irailaren 26an egindako hauteskundeetan baino eserleku bat gehiago lortuta. 2016ko hauteskundeetan, 28 ordezkari lortu zituen EAJk, bost egunez EH Bildurekin azken eserlekua lortzeko lehian egon ostean.
EH Bilduren kasuan, gaur egungo bigarren postuari eutsiko lioke, 18 legebiltzarkiderekin, EAJren eta Elkarrekin Podemosen arteko tarte handi horren erdibidean. Nagua Albak gidatzen duen alderdiak eserleku bat galduko luke gaur egun, aurreko hauteskundeetan lortutako emaitzekin alderatuta, eta 10ekin geratuko litzateke.
PP eta PSE-EE alderdiek 9na ordezkari lortuko lituzkete.
Lurralde historikoak
Lurraldekako eserlekuen banaketari dagokionez, EAJk 12 ordezkari lortuko lituzke Bizkaian, 9 Gipuzkoan eta 8 Araban.
EH Bildu koalizioak Gipuzkoan jarraituko luke izaten indar gehien, 8 eserleku erdietsita; Bizkaian eta Araban, aldiz, 5na.
Elkarrekin Podemosi erreparatuta, Araban jasoko lituzke ordezkari gehien, 4, eta 3na lortuko lituzte gainerako bi lurraldeetan.
Euskal sozialistek 3 legebiltzarkide lortuko lituzkete lurralde historiko bakoitzean.
Azkenik, PPk EH Bilduk adina ordezkari jasoko lituzke Araban, 5, eta 2na jasoko lituzke gainerakoetan.
Inkestaren emaitzak lortzeko, 2.268 elkarrizketa egin zituzten, otsailaren 7a eta 12a bitartean.