Politika -

Katalunia

Rajoy eta Puigdemont Moncloan elkartu ziren urtarrilaren 11n

Espainiako Gobernuko presidenteak urtarrilaren 17an egin zen Presidente Autonomikoen Batzarrera joateko eskatu zion Kataluniako presidenteari.

Carles Puigdemont eta Mariano Rajoy. Artxiboko argazkia: EFE
Rajoyk eta Puigdemontek bilera egin zuten urtarrilaren 11n

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea eta Carles Puigdemont Generalitateko presidentea Moncloan elkartu ziren urtarrilaren 11n, La Vanguardia egunkariak gaur argitaratutako informazioaren arabera.

Gobernuko iturri ofizialek atzo uko egin zioten bilera izan zela baieztatu edo gezurtatzeari, presidentearen agenda publikoari buruzko informazioa bakarrik ematen dutela esanez.  Albistea argitaratu ostean, Generalitateko iturriek esan dute Kataluniako Parlamentuan emango dituztela eman beharreko azalpen guztiak, kontrol saioan.

Kataluniako egunkariaren esanetan, bi presidenteek elkarrizketa "adeitsua" izan zuten, baina ez zen bien arteko gerturatzerik izan Kataluniako auziari dagokionez. Rajoyk eskatuta egin omen zuten bilera, eta egun batzuk geroago, urtarrilaren 17an, egitekoa zen Presidente Autonomikoen Batzarrera joateko eskatu ei zion Kataluniako presidenteari. Hala ere, jakina denez, Puigdemont ez zen batzarrera joan.

Bestalde, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak independentziari buruzko erreferenduma deitzeko asmoa berretsi zuen, eta galdeketaren baldintzak negoziatu zitezkeela gaineratu zion. Rajoyk, ordea, ezetz erantzun zion. La Vanguardia egunkariaren arabera, Puigdemontek baldintza bakarra jarri zion Rajoyri Presidente Autonomikoen Batzarrera joateko: batzar horretan Kataluniako auziari buruzko bere iritzia emateko aukera izatea. Alabaina, Rajoyk ez zuen onartu eta, ondorioz, Puigdemont ez zen bilerara joan.

Igandean Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak adierazpenak egin ondoren, Espainiako eta Kataluniako Gobernuen arteko negoziazioen inguruko espekulazioak hasi ziren.

Rajoyk ez du gezurtatu, ezta baieztatu ere, Puigdemontekin elkartu zenik

Mariano Rajoyk ez du gezurtatu, ezta baieztatu ere, urtarrilaren 11n Carles Puigdemontekin Moncloan elkartu zenik, baina Kataluniako Gobernuarekin hitz egiteko prest dagoela azpimarratu du. "Benetako arazoez hitz egin nahi dut, ez Espainia likidatzeaz", gaineratu du.

Diputatuen Kongresuko korridoreetan galdetuta, Rajoyk ez die horri buruzko galderei erantzun, eta erreferendumari buruz duen iritzia ez dela aldatu nabarmendu du.

Puigdemont: "Ez dago negoziaziorik eta ezta izaterik espero"

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak ez du Kataluniako erreferendumari buruz hitz egiteko borondaterik ikusten Mariano Rajoyren Gobernuarengan: "Ez dago negoziaziorik eta ezta izaterik espero".

Kataluniako Parlamentuko gaurko kontrol saioan, Puigdemontek ez du gezurtatu, ezta baieztatu ere, urtarrilaren 11n Mariano Rajoyrekin elkartu zenik. Miquel Iceta PSCko buruaren galderari erantzunez adierazi duenez, "Espainiako Gobernuak ez dauka negoziatzeko borondaterik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Rajoy berriak Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Gaurko azken orduko albistea Pere Aragonès