Politika -

Auzitegi Nazionala

Uriaren hilketagatik ETAko ustezko 6 kide auzipetu ditu epaileak

6 auzipetuetatik bi espetxean daude Espainian, beste hiru Frantziako kartzeletan dira eta bat ihes eginda dago. Inaxio Uria enpresaria 2008an hil zuten, Azpeitian (Gipuzkoa).

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inaxio Uria enpresariaren hilketan parte hartzea egotzita ETAko ustezko sei kide auzipetu ditu Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. Uria 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk, Azpeitian (Gipuzkoa). Sei auzipetuetatik bi espetxean daude Espainian, beste hiru Frantziako kartzeletan dira eta bat ihes eginda dago.

Beñat Aginalde Ugartemendiak, Ugaitz Errazkin Telleriak eta Manex Castro Zabaletak ETAko ''Asti'' taldea osatzen zuten, ''legalen'' taldea. Joanes Larretxea Mendiolak eta Iurgi Garitagoitia Salegik ETAko ''Ezuste'' taldea osatzen zuten, ''liberatuen'' taldea. Epailearen arabera, bostok euskal enpresaburua hiltzea "erabaki eta planifikatu zuten denen artean".

Iraitz Santa Cruz Ugalde da seigarren auzipetua eta erakunde terroristarekin kolaboratzea leporatu dio epaileak, Aginalderi auto bat uzteagatik, "ETAren izenean, ekintza terrorista batean erabili behar zutela jakinik".

Espainian diren bi akusatuak epailearen aurrera eramango dituzte datozen egunetan. Santa Cruz behin-behineko espetxean mantentzea erabaki du Velascok, ihes egiteko arriskua dagoelako. Castro Zabaleta epailearen bulegoan aurkeztu beharko da, behin-behineko espetxearen berri emateko, izan ere, beste auzi batengatik dago kartzelan.

Aginalde, Larretxea eta Garitagoitia Frantzian daude espetxean, bertan atxilotu zituztelako, iazko otsaila eta urria artean. Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren esanetan, lehenengoak Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialistaren hilketan parte hartu zuen. Ugaitz Errazkin ihes eginda dagoen bakarra da, eta Velasco epaileak bilatzeko eta harrapatzeko agindua nazioartera zabaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea