Politika -

Eztabaida Kongresuan

'Bidelaburren politika' egitea egotzi dio NaBaik Zapaterori

Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren egunean Kataluniako Estatuta izan dute hizpide batik bat. NaBaik, UPyDk eta UPNk kritikatu egin dute Zapateroren kudeaketa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuaren egoerari buruzko eztabaidak aurrera egin du gaur goizean, bigarren egunez, Kongresuan parlamentario gutxien dituzten alderdien eta PSOEren hitzaldiekin.

Atzoko saioa 22:25ean amaitu zen, hots, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ERC-IU-ICV taldeari erantzuna eman zionean.

Mariano Rajoyk (PP), Josep Antoni Duran i Lleidak (CiU), Josu Erkorekak (EAJ), Joan Ridaok (ERC), Gaspar Llamazaresek (IU) eta Joan Herrerak (ICV) ere hitz egin zuten.

Gaur Ana Oramasen (CC), Rosa Diezen (UPyD), Carlos Salvadorren (UPN), Uxue Barkosen (NaBai) eta Jose Antonio Alonsoren (PSOE) txanda da.

Zapatero: "Estatutaren epaia kudeatzea ez da erraza"

Hori horrela, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Kataluniako Estatutaren epaia berari ez egozteko eta "elkartasuna" izateko eskatu dio Uxue Barkos Nafarroa Baiko diputatuari.

Izan ere, bere hitzetan, orain epaiaren ondorioak kudeatu behar ditu, "eta ez da erraza".

Halaber, Francisco Jorquera BNGko bozeramaileari erantzunda, Zapaterok ukatu egin du bere agintaldian "Espainia anitzak" inboluzioa jasan izana.

UPyDk bozak aurreratzea eskatu du

Rosa Diez UPyDko diputatuak Auzitegi Konstituzionalaren epaia desobeditzea sustatzea leporatu dio, eta atzo Konstituzioaren aurkakoak jotako artikuluak aztertzeko egindako prestutasunak "erakundeen ustelkeria politikoa" dela iritzi dio.

Horrenbestez, hauteskundeak aurreratzeko exijitu dio, hautsi egin baitu "kontratu demokratukoa".

Diezek Estatuta izan du hizpide batik bat bere hitzaldian, eta PPk Konstituzionalera jotzea kritikatu izana aurpegiratu dio.

NaBaik Zapateroren "laburbideak" kritikatu ditu

Uxue Barkos Nafarroa Baiko diputatuak "bidelaburren politika" gauzatzea egotzi dio Zapaterori.

Horren ildotik, politika horren eta aurreikuspen faltaren ondorioz Espainian ia bost milioi langabe daudela eta funtzionarioen soldatak eta pentsioak murriztu behar izan dituztela kritikatu du.

NaBaiko diputatuak aipatu egin ditu Zapateroren "bidelabur" horietako batzuk: 400 euroko diru-laguntza, murrizketak eta krisiaren atarian zerga batzuk kendu izana.

UPN

Bere aldetik, "banderaren abertzaletasuna" aski ongi barneratu duen selekzioak bezala, "patriota izatea eta gauzak ondo egitea" eskatu dio Carlos Salvador UPNko bozeramaileak Gobernuko presidenteari.

Salvador izan da futbol selekzioari buruz jardun duen bozeramailea bakarra. Selekzioak ordezkatzen dituen baloreak espainiar guztiak erakarri dituela esan du eta herritarrek "konplexurik gabe eta harrotasunez" Espainiako banderak eskuan, kaleak hartu dituztela gaineratu du.

UPNko diputatuak, halaber, gaixotasun "oso larria" duen pertsona batekin parekatu du Espainia. Hain zuzen, Espainiak "pultsu" politikorik ez duela eta "kanpoko" mediku talde baten tratamendu berriaren zain dagoela zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea