Politika -
Omenaldia
Mendiak etorkizuna eraikitzeko 'oinarri etikoen' beharra nabarmendu du
PSE-EEko idazkari nagusiak 2008an ETAk hildako Isaias Carrasco zinegotzi ohiari Arrasaten egindako omenaldian egin ditu adierazpenok.
Agentziak | Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "desberdintasunetan sakontzeko baino, etorkizuna eraikitzeko oinarri etikoak sendotzeko foroa izan behar du" Eusko Legebiltzarrean onartutako Memoria eta Bizikidetza Ponentziak.
PSE-EEko idazkari nagusiak 2008an ETAk hildako Isaias Carrasco zinegotzi ohiari Arrasaten egindako omenaldian egin ditu adierazpenok.
Mariam Romero Carrascoren alargunaz gain, hiru seme-alabek (Sandra, Ainara eta Hadei) hartu dute parte gaur eguerdian Isaias Carrascori tiro egin zioten toki berean antolatutako lore-eskaintzan.
Idoia Mendiak terrorismoaren biktimak gogoratuz hasi du hitzaldia, eta argi utzi nahi izan du "sozialistek ez dietela kale egingo, ez dutelako gertatutako ahaztuko".
"Euskal gizartea elkartzeko garaia da, aspaldiko zatiketak gainditzeaz gain, hiltzeak, mehatxatzeak, bahitzeak edo torturatzeak inolako justifikaziorik ez duela adosteko oinarri etikoak sendotzeko", gaineratu du. Halaber, datozen belaunaldiak demokrazia normal batean bizi daitezen aldarrikatu du Mendiak.
Bestalde, euskal sozialisten idazkari nagusiaren esanetan, "hiritarren arteko adiskidetasunak etorkizuna batera eraikitzeko talde-konpromisoan oinarrituta egon behar du, ez iraganaren ahanzturan". Bi dira oinarri nagusiak, Mendiaren iritziz: "terrorismoaren biktima guztien onarpena eta erreparazioa batetik, eta indarkeriaren deslegitimizazio garbia, bestetik".