Politika -
Espetxe politika
Rubalcaba: 'Langraizen ez dago ETAko presorik'
Barne ministroak esan du "daudenak" ez daudela jada ETAn, biktimei barkamena eskatu dietela eta indarkeria gaitzetsi dutela.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ziurtatu du Langraizeko espetxean ez dagoela ETAko presorik, "daudenak ez baitaude jada ETAn".
Ministroak Menendez Pelayo nazioarteko unibertsitatean egin ditu adierazpenak. Rubalcabak ez du zehaztu nahi izan ETAtik aldendu diren zenbat presok lortu dituzten espetxe onurak, "gai horietaz hitz egiteak ez baitio inori mesede egiten".
Hori bai, Langraizen jada ez dagoela ETAko presorik nabarmendu du: "Daudenak ez daude jada ETAn, biktimei barkamena eskatu diete, indarkeria gaitzetsi dute, erantzukizun zibila ordaintzen ari dira eta, horrenbestez, biktimei zor dietena ordaintzen ari dira".
Ministerioan espetxe politika aldatu duten galdetu diotenean, Rubalcabak ukatu egin du, eta "betikoa" dela azpimarratu du.