Politika -
manifestazioa
Tortura existitu dela salatu dute milaka lagunek Bilbon
'Sistematikoki' torturatu dela eta guztira '5.657 pertsonek' torturak pairatu dituztela baieztatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka pertsonek egin dute bat gaur arratsaldean Bilbon tortura egon dela salatzeko egin den manifestazioarekin. Tortura hori "sistematikoa" izan dela eta 5.657 lagunek horren ondorioak jasan dituztela baieztatu dute.
Gobernuaren Ordezkariordetzatik atera da martxa '5.657 torturatu. Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak' lelopean eta Arriaga plazan bukatu da, torturaren aurkako oihu artean.
Mobilizazioak Sortu, EH Bildu eta LAB sindikatuaren babesa izan du, eta bertan izan dira, besteak beste, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez eta Elena Beloki (Sortu), Maddalen Iriarte eta Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu).
Manifestazioaren bukaeran, Ixone Fernandez eta Eneko Conpainsek hartu dute hitza eta, iraganean "5.657 pertsonek" torturak jasan zituztela salatu dute. Euren esanetan, "atentzioa ematen du gurean bezalako hain herri txikian horrenbeste kasu eman izana zazpi hamarkadaren buruan".
Aipatu kopurua "beldurgarria" dela iritzi ostean, tortura "sistematikoa" izan dela eta "zigorgabe" geratu dela salatu dute. Horren aurrean, beharrezkoa deritzote biktimei "aitortza eta erreparazioa ematea" eta "torturak errepikatuko ez direla bermatzea".
Haien esanetan, "Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak zein Ertzaintzak torturatu egin dute". "Birrindu, apurtu egin gintuzten, baina hemen gaude. Izen-abizenak ditugun pertsonak gara, eta nahiz eta ezkutatu egin gaituzten, torturaren bizirauleak gara", gaineratu dute.
Era berean, gaitzetsi egin dute kasu horien aurrean "beste alde batera begiratu duten edota torturak justifikatu dituzten pertsonak" egon direla. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari "ausardia" izan dezatela eskatu diete "polizia-etxeetan gertatutakoak argitzeko".
Lau guardia zibilen aurkako epaiketa
Azkenik, gogorarazi dutenez, martxoaren 14tik 16ra lau guardia zibil epaituko dituzte Bilbon, 2010eko irailean Sandra Barrenetxeak salatu zituen torturak direla-eta. Aipatu guardia zibilek Ekineko kide izatea egotzita bederatzi lagun atxilotu zituen polizia-operazioan parte hartu zuten, tartean Barrenetxea.
"Sandra, badakigu zure torturatzaileekin topo egingo duzula. Ez ezazu begirada jaitsi, haiek dira begirada jaitsi beharko luketenak egin zizutenagatik, egin zigutenagatik", erantsi dute.