Politika -
BILERA
Beltran de Herediaren eta Zoidoren arteko lehen bilera, Madrilen
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Espainiako Barne Ministerioak amankomunean dituzten gaiak jorratuko dituzte. Aurreratu dutenez, ETAren armagabetzea ez dago gai-ordenan jasota.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta Juan Ignacio Zoido Espainiako Gobernuko Barne ministroak bilera dute gaur, Madrilen. Bi agintarion arteko lehendabiziko bilera izango da, eta "amankomunean dituzten gaiak" jorratuko dituzte bertan, Jaurlaritzatik jakitera eman dutenez.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren eledunak eman zuen, atzo, bileraren berri, Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian.
Hitzorduaren inguruko xehetasunik eman ez zuen arren, Segurtasun Sailak eta Barne Ministerioak partekatzen dituzten "gai orokorrak" jorratuko dituztela esan zuen. EAEn lan egiten duten polizia indarren arteko "koordinazioa" izango dute hizpide, besteak beste.
Ertzaintzaren azken Lan Eskaintza Publikoa ere aztertuko dute Zoidok eta Beltran de Herediak. Auzitegietan dago LEP hori, Espainiako Gobernuak helegitea jarrita.
Zabaldutako datuen arabera, ETAren armagabetzea ez dago gai-ordenan jasota.
Barne Ministerioaren egoitzan egingo dute bilera, 17:00etan hasita.