Politika -
Legebiltzarra
Urkullu: 'Akordioak, batzuekin zein besteekin, herriaren onerako dira'
EH Bilduk aurpegiratu egin dio EAJren bozeramaleak Euskadiren eta Espainiaren arteko harremana "maila berean" egin behar dela esatea eta, aldi berean, PPrekin itunak egitea Madrilen.
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak hitza hartu du gaur, ostirala, Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk egindako galderen ostean. Jaurlaritzak eta PPk akordioak egiteak dakarren "arriskuaz" ohartarazi dio koalizioak, eta lehendakariak erantzun dio Eusko Jaurlaritzak eta EAJk egiten dituzten akordio guztiak, baita EH Bildurekin egiten dituztenak ere, Euskadiren onerako direla.
Kontrol saioa egin dute gaur Legebiltzarrean, eta EH Bilduk "euskal Estatuaren beharraz" galdetu dio lehendakariari.
Maddalen Iriarte EH Bilduren ordezkariak Joseba Egibar EAJren bozeramaleak egindako adierazpen batzuen gainean azalpenak ematea eskatu dio Urkulluri. Euskadik Estatu maila izan behar zuela esan zuen; horrela, Espainiarekiko harremana "maila berean" egin ahal izateko.
Alabaina, Iriarteren ustean, helburu hori lortzea ez dator bat Eusko Jaurlaritzak eta PPk egindako itunekin. Alderdi horrek, koalizioaren bozeramalearen hitzetan, "torturak daudenik ukatzen du" eta ez du Euskal Herriaren "nortasuna" onartzen. Gaineratu duenez, EAJk arriskuan jar lezake Estatu espainiarrekiko aldebiko harremana maila berean egin ahal izatea, "unionismoari begira" baldin badago.
Lehendakariak, aldiz, berretsi egin du EAJk aurreko legealdian Legebiltzarreko Autogobernuaren Ponentzian egindako proposamenarekin hartutako konpromisoa. Lehendakariak agiri horren ataletako batzuk gogorarazi ditu, esaterako, Euskal Herriak "berezko nortasuna" duela eta "bere etorkizuna akordioen bidez erabakitzeko gaitasuna eta eskubidea duen subjektu juridiko eta politikoa" dela.
Gainera, berretsi egin du Euskadiren estatus politikoa "elkarrizketa, akordioa eta itunaren" bidez lortuko dela. Edonola ere, azpimarratu egin du Euskadi gaur egun Estatu nazionala ez bada ere, "aukera politikoak, instituzionalak eta ekonomikoak" dituela "herria egiten jarraitzeko".
Eusko Jaurlaritzak PPrekin aurrekontuei buruz lortutako akordioaren gainean EH Bilduk egindako kritikei ere erantzun die Urkulluk. Lehendakariak gogoratu duenez, bere Gobernuak zein EAJk izan dituzte akordioak EH Bildurekin. "Batzuekin zein besteekin hitzartutako akordioak herri onen onurarako egindakoak dira", adierazi du Urkulluk.