Politika -
Froilan Elesperi omenaldia
'Biktimen oroimena' bizirik mantentzea eskatu du PSEk
Euskadiko sozialistek Froilan Elespe Lasarte-Oriako zinegotzia omendu dute gaur, ETAk 2001ean erail zuena.
Euskadiko sozialistek ETAk 2001ean erail zuen Froilan Elespe Lasarte-Oriako zinegotzia izan dute gaur gogoan. Ekitaldian, bestek beste, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEren buruak parte hartu du, eta esan duenez, ETAren jardueraren ostean sortuko den "gizarte berria biktimen oroimena" oinarritzat hartuta eraiki behar da.
Arriola Lasarte-Oriako hilerrian, Elesperen hilobiaren aurrean mintzatu da. Bere alderdiko hainbat kide izan dira bertan, besteak beste Idoia Mendia idazkari nagusia, zeinak ez duen adierazpenik egin. Jesus Egiguren eta Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkatea ere bertaratu dira Elesperen sendiari babesa emateko.
Arriolaren esanetan, ETAk bere jarduera armatuari behin betiko uko egiten zion adierazpena "berandu heldu zen" Elespe eta gainerako biktimentzat, baina, gaineratu duenez, "ondo dago" ETAk armagabetzearen urratsa ematea, modu horretan "denboran urruti geratuko den amesgaiztoa" izatera pasa dadin, baina ez "amets txar bat, gure herrian gertatu zena benetakoa izan baitzen".
Bere aburuz, beharrezkoa da "jazotakoa beti presente izatea"; izan ere, nahitaezkotzat jotzen du hori, "bakea eta askatasuna" eraikitzeko.
"Terrorismoaren biktimak elkarbizitza eraikitzeko oinarri sendoa izan behar dute. Ez bada modu horretan eraikitzen elkarren arteko etorkizuna, gizarte honek jasan dituen errore berak errepikatzeko arriskua daukagu", nabarmendu du.