Politika -
Otsailetik, aske
Zulueta berriz kartzelatzeko eskaria, Auzitegi Nazionalean aztergai
Abokatua kartzelatik ateratzeko erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen AVTk.
Agentziak | Erredakzioa
AVT elkarteak Arantza Zulueta abokatua berriz espetxeratzeko egindako eskaria gaur aztertuko du Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 4. Salak.
Zulueta otsailaren 25ean utzi zuten aske, 20.000 euroko bermea ordainduta. Hiru urte eman ditu behin-behineko kartzelaldian, eta bakartuta.
AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak bermepeko askatasunaren kontrako helegitea aurkeztu zuen, "ihes egiteko arrisku agerikoa" dagoela argudiatuta.
Zulueta 2014ko urtarrilean atxilotu zuten, presoen abokatuen kontrako operazio batean. 'Alboka auzian' epaituko dute, beste hainbat lankiderekin batera. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 19 urteko kartzela zigorra eskatu du bilbotarrarentzat, ETAren zuzendaritzaren eta presoen kolektiboaren arteko zubi-lanak egin izana egotzita. Fiskaltzaren arabera, Zuluetak "talde hori kontrolatzen zuen, eta iraultza-zerga kobratzen eta atentatu helburu batzuk zehazten lagundu zuen".
Zuluetaren aldeko plataformak "mendeku eta jazarpen gosea" egotzi dio AVT elkarteari.